Gaur Unionistek katalan herriarekiko orain arteko aurpegirik ankerrena erakutsi dute.
Urriak 1ean, Espainiar Estatuko indar polizialek egurra nonnahi banatu zuten.
Urriak 8an, unionistak kalera atera ziren eta oihu artean, Carles Puigdemont president-earen atxiloketa eskatzen ibili ziren.
Urriak 11n, Mariano Rajoyk 155. artikulua ezarri ahal izateko lehenengo urratsa eman zuen: Carles Puigdemonti gutunez eskatu zion argitzea bezperan Parlament-ean independentzia deklaratu ote zuen.
Urriak 16an, Carmen Lamela epaileak Jordi Cuixar eta Joedi Sanchez espetxeratu zituen.
Urriak 27an, Espainiako Senatuak Kataluniari 155. artikulua ezartzea erabaki zuen.
Azaroak 2an, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituta zeuden Carles Puigdemont eta bere kontseilariak. Bederatzi kontseilari aurkeztu dira, eta Santi Vila kontseilaria ezik gainerako beste zortziak kartzelaratzeko agindua eman du Lamela epaileak.
Bihar berriz, Lamela epaileak Carles Puigdemont eta kalean geratzen diren beste lau kontseilarientzat atxilotzeko euro agindua emango du. Euro agindua emango balu, pilota Berlgikako justiziaren gainean izango litzateke. Izan ere, hauen abokatuek Belgikako justiziaren aurrean errekurtsoa jartzeko asmoa agertu dute, eta kasu horretan ikusteko da zein izango den Belgikako justiziak hartuko duen erabakia. Baina partida hau Espainiar Estatuarekin da, eta dena posiblea da.
Gogoan dut espainiar zein euskal politikari batzuk esaten zutenean indarkeriarik gabe dena posiblea izango zela. Edo PSOEko Rubalcabak esan zuen beste hura: aukeratu behar duzue, bonbak edo botoak.
Katalanak bere bide propioa jorratzen ari dira, inteligentziaz, modu paketsuan, pazientzi handiz eta gehiengo sozialak artikulatuz. Badakite procés-ak ezin duela eduki sare sozialen abiadura, aitzitik, procés-a luzea eta gogorra izango dela, eta garaile irteteko arestian aipatutako ezaugarrietan sakontzen jarraitu behar dutela.
P.D. Lehenengo batean esan nuen Bruselako agerraldi ostean Carles Puigdemont eta bere kontseilariak blindatuagoak zeudela, eta ez nuela uste kartzelaratuko zituztenik. Zoritxarrez, kontenplatu nahi ez nuen hipotesia gailendu da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: