Gainerakoak ez dauka horrenbeste presarik.
Gure aitak ekainean 91 urte beteko ditu. 2004. urtetik bakarrik bizi da. Azken urte hauetan osasunez era nabarmenean behera egin badu ere, oraindik autonomia maila handia du. Osasunari dagokionez, prostatarako eguneko pilula bat hartu behar du. Horrez gain, oroimena galtzen hasia da, eta aldakan, hanketan, oinpetan, mina izaten du. Baina egiari zor, pribilegiatua da, eta ondorioz gu ere, arestian esan bezala, oraindik bere autonomia maila altua baita.
Orain dela laupabost urte lepo aldean erpesa atera zitzaion eta medikuek hamaika pilula agindu zizkioten, eta botika guzti horiek bere osasunean makalaldia erakarri zioten. Hori ikusita, anaia arrebok erabaki genuen aitari arreta handiagoa eskaintzea, egunero bere etxera joan, berarekin afaldu eta bertan lo egin. Orduan osatu ba zen ere, horrela jarraitu izan dugu gaur arte, eta horrela segitzeko asmoa dugu. Baina ikusten dugu eskaintzen diogu arreta horretan aurrera urratsa eman behar dugula, eta gu etxera iritsi bitartean beste pertsona berarekin egotea komenigarria litzateke, egunean zehar aita bakarrik senti ez dadin. Berari aukera honetaz hitz egin diogun bakoitzean beti erantzun berbera jaso dugu: ezetz eta ezetz.
Egunero goizeko bederatzietan ohetik jaikitzen da, ez lehenago ezta beranduago ere. Komunari bisita egin eta gero, sukaldera joaten da. Bezperan hozkailutik ateratako bi laranja hartu, laranja ura egin eta edaten du. Hozkailuan begiratuko du ea aurreko egunetik zerbait soberan duen, eta ezezkoan lapikoa prestatu egingo du; dilistak edo baba txuriak. Bazkaltzeko ez du besterik prestatzen; nik esango nuke gainerakoa ahaztu egin du. Hori bai, dilistak edo babak azenario eta tipula txiki txiki eginda, txorizo mutur bat, eta askotan beste lapiko txikiago batean odolkia. Hamar eta erdirako gutxienez bi aldiz egon da Pasaiako badia aurrez aurre duen balkoian zein hego aldera dagoen egongelatxoko lehioan. Gosaltzeko ordua da: baso bat esne, bi ogi xigortu, olioa eta marmelada. Hamaiketan bainugelara joaten da, bizarra egin, dutxatu, eta kalera irteteko arropa jantzi egiten du. Hamabiak aldera kalera.
Lehendabizi, etxetik gertuen dagoen tabernan kafea hartu eta ibiladitxoa egitera abiatzen da. Lehen luzeagoa egiten zuen, orain laburragoa baina egunero. Ibilalditxoaren ostean, zerbait erosi behar badu erosketak ( etxean gauzak agortu ahala, sukaldeko mahai gainean izaten duen koaderno txiki batean apuntzatzen joaten da) egitera joaten da, bestela aurreko taberna berberara eta ardo txuria eskatuko du. Gehienez bi ardo. Ordu biak aldera bueltan etxera.
Arropaz aldatu, lapikoa berotu, egongelan bazkaltzeko mahaitxoa prest jarri, platera dilistaz edo babaz bete, telebista piztu, eseri, jaten hasi. Amaitutakoan, sukaldera joango da platano eta yogur bana hartuko du eta bazkaria bukatuko du. Loak hartu baino lehen, dena jasoko du eta harrikoa egingo du. Orduan egongelako sofan eseriko da eta loak hartuko du. Kuluska ez da luzea izango. Zutituko da, lehiotik begiratuko du, balkoira joango da, bertan duen termometroan tenperatura behatuko du, kaleko arropa jantzi eta atera egingo da.
Arratsaldetan beste taberna batera joaten da, han kartetan aritzen direnei begira izaten da, eta hauek amaiatzen dutenean, bi lagunekin ondoko tabernetan hiru basoerdi hartzen ditu. Zazpi eta erdiak aldera etxean egoten da. Ni berarengana joaten naizenean, saiatzen naiz bera baino lehenago etxean egoten. Etxean sartzen denean esaten didan lehendabiziko gauza da, zer zuri tokatzen zaizu? Zure arrebek agindu al dizute? Zenbat denbora etorri gabe, eh?, Ondoren sukaldera eramaten nau, hozkailua zabaldu eta ea zer afalduko dugun itaundu egiten dit. Azken hilabetetan lasai egoteko erantzuten diot, afaria prestatzeko nik eramaten dudalako. Ondoren afaria egin, eta eguerdiko errituala, egongelako mahaitxoa, telebista piztu, .... Aldatzen dena da, harrikoa guk egiten dugula, eta ohera joan artean egunean zehar egindakoaz, telebistako programazioaz, ... mintzatzen jarduten garela, eta bakarrik ez dela egoten.
Egun hauetan, koronabirusa dela eta, egun osoa lagunduta egoten da. Anaia langabezian geratu da, eta bera da denbora gehien aitarekin egoten dena. Aurreko egunetan ez zuen ongi ulertzen zergatik ezin zen kalera irten, baina orain txintxo txintxo omen dabil. Ni koronabirusa hasi denetik ez naiz aitaren etxera bueltatu, bideokonferentziaz hitz egiten dut. Bitxia da zein azkar teknologia berrietara egokitu den.
Osasun krisi hau amaituko denerako pentsatzen hasita, badakit zeintzuk izango dira egingo ditudan lehenbiziko gauzak: Piliri musu handia ematea ni hain ondo zaintzeagatik eta aitarengana joan. Gainerakoak ez dauka horrenbeste presarik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: