Fase berrirako hainbat apunte.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2017-12-28 17:21

Astebete eman dut ezer idatzi gabe, hango eta hemengo hedabideak irakurtzen. Abenduak 21eko hauteskundeek beste behin ere, independentismoaren osasun ona berretsi dute. Espainiar Estatuak uste zuen parte hartze handiak independentismoaren galera ekar zezakeela, abstentzionisten boltsatik hauteslekuetara joan behar zutenek bozka alderdi unionistei eman behar zietela. Eta egia bada, parte hartze handia izan dela, errekorra, independentistek hazten jarraitu dute, orain arte lortutako emaitzak onduz. Aurrerantzean Espainiar Estatuak zaila edukiko du oraingo parte hartzearen maila (%81,94koa) gainditzea, eta are zailagoa Errepublika bozkatu duten perstonetatik inork alderdi unionista bati boza ematea. Eta, alderantzizko bidea posiblea al da?

Nere ustez, aurrera begira arestian eginiko galderari hamaika buelta eman beharko dizkiote alderdi zein eragile errepublikazaleek. Hauteskunde hauek utzitako argazkia da diputatuetan gehiengoa dutela, baina boto portzentaietan oraindik gehiengoa iristeko tartea gelditzen zaiela (%47,5ekoa). Eta errepublikazaleek nondik lor dezakete euren oinarria zabaltzea?

Nik hiru bide ikusten ditut. Lehena, jende guztiak aipatzen duen bera, Catalunya En Comúren esparru soziala. Bigarrena aldiz, gutxitan aipatzen den Kataluniako herritarren %16a osatzen duen kataluniako herritar berrien esparrua dugu. Populazioaren %16a izan arren, arazo juridikoengatik hauteskundeetan euren pisua %6ra jaisten da. Eta azkenik, nik esango nuke pasa den astean unionismoa bozkatu duen esparrua ezin dela alboratu, eta errepublikazaleek horiei begira ere eskaintza egin beharko diete.   

 


Utzi iruzkina: