Ez da antsietatea, kezka eta ardura baizik.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2017-11-27 16:06

Aurreko ostiralean EH Bilduk EAEko EAJri eta Elkarrekin Podemosi proposamen berria egin zien, bizi dugun inboluzio demokratikoa gainditze aldera. EH Bilduk proposamena hiru oinarri gainean egin ditu: burujabetza, berdintasun soziala, eta bake eta bizikidetza.

Nik entzun nuen momentutik, inora joango ez zen proposamena zela pentsatu nuen. Bi arrazoigatik. Lehena, egin zen moduagatik, hau da prentsaurreko baten bidez; eta bigarrena, gutxienez EAJk inongo beharrik ez duelako horrelako proposamenari atxikitzeko, orain arte PPrekin zein PSErekin itxi dituen akordioak ongi joan zaizkiolako, eta inkesta guztietan gora doan alderdia agertzen delako. Beraz, zer beharrik du abentura batean sartzeko?

Orain dela hilabetea, urrian, Gasteizko Legebiltzarreko markoan egiten ari den Estatus berriaren eztabaidan, EH Bilduk bi alderdi berdinei proposatu zien erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen Estatus berriaren inguruko akordio egitea. Ostiraleko proposamenean berriz, autogobernuari dagokionez oinarrizko akordioa proposatu die Eusko Legebitzarreko autogobernu lantaldean, Estatuarekiko harremana "atxikimendu librean" oinarritua.

Gustatuko litzaidake jakitea, autogobernuz hilabeteko epean egin diren bi proposamenak berdinak diren. Urrian egindakoa, uste dut ondo ulertu nuela, azken boladan EH Bilduk proposatu duen Euskal Herria Konfederalaren bidean kokatzen delako. Arazo handiagoak ditut "atxikimendu libreaz" EH Bilduk zer esan nahi duen ulertzeko.

Eta hona hemen kezkatuta egoteko lehenengo arrazoia: Espainiar Estatuarekiko "atxikimendu librea" zer den ez jakitea. Bigarren arrazoia, EAJren erantzuna zein izango zen aldez aurretik ezagututa, zergatik egin zitzaien. Ez bada aldebikotasun famatua, alegia, behin eta berriro publikoki akordiorako eskaintza eta prestutasuna agertu beharra dagoela. Arrazoia hau balitz, honek ekarri beharko luke proposamena egiten den momentutik bertatik arestian aipatutako hiru oinarri dituen proposamena aurrera eramateko EH Bildu eragile sozial eta sindikaleekin lanean hastea. Hain zuzen ere, aurreko ostiralean EH Bilduk egin zuen proposamenak eta irailean ELA eta LAB sindikatuek plazaratutakoak, elementu komunak dituzte, eta lanabes interesgarriak, abiapuntu interesgarriak izan daitezke,  herrietan aztertzeko, eztabaidatzeko, eta zergatik ez aurrera urratsak emateko. Baina uste dut, dagoeneko hiru dira kezkatuta egoteko ditudan arrazoiak. 

Beraz, kezkatuta eta arduratuta ere, elite politiko sindikaletik egiten zaizkigun proposameneekin, proposamen hauek ez baitatoz proposamenak aurrera eramateko neurriekin, gonbiteekin. Badakit asmatzea zaila dela, baina behar beharrezkoa jotzen dut, herrietan honen gainean hitz egiteko espazioak zabaltzea, ea gaitasuna dugun mahai gainean ditugun proposamen horiekin hitzetatik ekintzetara pasatzeko. 

 

  


Utzi iruzkina: