Euria egiten jarraitzen du.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2018-06-05 20:29
1

Urriak 1ean Catalunyan euriak egin zuen. Geroztik, ez dakit zenbat egun ateri eduki dugun, baina ziurrenik oso gutxi izan dira. Dagoeneko ekainean sartuta gaude, eta honek ez du ematen aldatuko denik.

Azken hilabetetan ezer gutxi idatzi izanak ez du esan nahi, haien gaienean gogoetak egiteko gertakaririk izan ez dugunik. Hala eta guztiz ere, nahiago izan dut ikusle bezala geratu, eta gure begien aurrean jazo dena behatu.

Prozesuak abiadura handian doaz, eta prozesu bakoitzean hamaika azpiprozesuak suertatzen ari dira. 

Estatu espainiarrean Raxoi erori egin da. Bere alderdia, PP, oposiziora pasa da. Ondorioz, presidente berria dugu, edo dute?, Pedro Sanchez. Aldaketa horren gaienean, egun hauetan asko hitz egin da. Badakigu, PSOE ez dela PP, baina hainbat gaietan ezberdintasunak aurkitzeko, bila eta bila jardun behar da. Espainiar estatuaren lurraldetasunaz, España una y no cincuentaiuna, bat datoz (Catalunya). Pentsionen aferan, 2011ko pentsioen erreforma (besteak beste, jubilazioa adina 67 urtetara luzatzen duena eta %100 kobratu ahal izateko kotizatutako urteen kopurua handitu zuena) PSOEk ezarri zuen. Pedro Sanchez-ek ez ditu Catalunyako preso politikoak askatuko, eta euskal presoei dagokienez, esperantza gutxi.

Catalunyan berriz, gobernu berria daukagu. Hurrengo astetan/hilabetetan ikusiko dugu jorratzen hasiko diren ibilbidea autonomismoruntz edo Errepublikaruntz norabideratuko duten. Modu berean, interesgarria izango da Puigdemont-en papera nolakoa izango da: Kontseilu Nazionala abiaraziko al dute?

Euskal Herrian, esan ohi dugu, une historikoan gaude. Zenbagarrena? Erakundea behin betiko desagertu egin da. EAEko Osakidetzako LEPean, kiratsa nagusi. Pentsionistak tinko. Pikoloak beti bezala. Gaur Altsasu berdez esnatu egin da. Gure gazteek kartzelara joaten jarraitzen dute. Langabezia jaisten ari da, baina prekarietateak gora egiten jarraitzen du. Espainiar estatuan izandako aulki aldaketak 2019ko hauteskundeetan Nafarroan eduki dezakeen eragina? auskalo! Seaskako komunitate eskolarra mobilizazioak burutzen ari da datorren ikasturtean beharko lukeen irakasle kopurua erdiesteko. EITB Fokus-ek bere azken inkesta sukaldatua publikoa egin du. Nafarroan, iragan larunbatean, euskararen aurkako manifestazioa, eta Alternatiben Herria. Igande honetan, ekainak 10, Gure Esku Dago ekimenaren giza katea (Donostia, Bilbo, Gasteiz). 


Utzi iruzkina: