Eta oraindik negua ez da iritsi
Ia sei hilabete blog honetan ezer idatzi gabe. Egia esan, udaberrian, udan eta udazken hasieran nahiko "lanpetuta" ibili naizela.
Aitarengana joan ez naizen egunetan, mendirantz abiatu egin naiz. Aurten gainera, nire mendi irterei pizgarri gehigarria erantsi diet: orain arte edota aspaldi zapaldu gabeko mendietara joatea. Aurten, honez gero, 200 gailur baino gehiagotan izan naiz, horietatik 155 mendi ezberdin direlarik. Honi gehitzen badiogu baratze pixka bat ere lantzen dudala, perretxikozale amorratua naizela, irakurle saiatua, eta ditxosozko pandemia hasi denetik, ia gauero, xake partida jokatzen dudala (online), ondorioztatu dezakegula, gutxienez, aspertu, ez naizela aspertu.
Baina, udazkena aurrera doa, eta tarteka, nik behar dudan neurrian (eta ziur aski, lurrak ere) baino gehiagotan euri egunak izaten ari gara, euria eta tenperatura baxuak. Eta adierazi behar dut, orain arte ez naizela ohartu, honek nigan duen eragina, zein punturaino goibeltzen nau, zein neurritan goizero abian jartzeko eskatzen didan gainahalegina. Euria, hotza, eta arratsaldeko seitarako ilunduta.
Irakurria nuen eguraldi mota honek, euria, hotza, gehi argi ordu gutxik, Ipar Europako biztanleriarengan eragiten zituen ondorioak: tristura, depresioak, alkoholaren (eta beste drogen) kontsumo altua, gaixotasun mentalak, suizidioa, ...
Aitarekin bizi izan dut, eguraldi honek beregan duen atarramendua. Izan ere, horrelako egunetan ez du etxetik atera nahi izaten, eta etxean, egonean ematen du eguna, sofatik egongelako lehiora, eta leihotik sofara.
Egun euritsua, hotz eta labur hauetan, berotasuna faltan izaten da, eta ez naiz ari berogailuen berotasunez, nahiz eta horrelako egunetan horien beharra bistako izan, lagunek, bikoteek, senideek eskainzen duten berotasun horretaz baizik. Nire kasuan eskerrak Kas txakurra dagoela, eta horrek kalera ateratzera behartzen nauela. Hotzari eta euriari aurre egiteko arropa jantzi, eta kalera. Bueltan badakit, gero eta gutxiago geratzen dela Pili etxean izateko, bere berotasuna sentitzeko. Sarritan ez da asko hitz egin behar; nahikoa izaten da, hor bertan dagoela jakitea.
Azken egun hauetan honetaz guztiaz gogoetak behin baino gehiagotan egiten jardun naiz. Bizitza, berotasuna, maitasuna, bakardadea. Eta oraindik negua ez da iritsi. Aurtengo negua luzea egingo zait.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: