Estatuko ezkerraren papera eta Kataluniako ezkerra ez independentista.
Estatuko ezkerraren papera itzela izan da, eta zoritxarrez (hobe erratuko banintz) horrela izaten segituko du.
70eko hamarkadan abertzaleok ginenok estatuko ezkerrarentzat burgesak ginen, nazioari lehentasuna ematen omen geniolako, soziala alboratuz. Kostatu egiten zitzaien ulertzea guretzat, orduko abertzaleak eta oraingo independentistak, txanpon bereko aurpegiak zirela, eta biak ala biak garatu beharrekoak zirela. Finean, gu burgesak ginela esaterakoan euren drama ezkutatzen zebiltzan, alegia, eurentzat aldaketak egiteko objetua, lurraldea, espainiar estatu osoa zen, eta guretzat berriz, Euskal Herria.
50 urte geroago, Kataluniari begira erabilitako diskurtsoa aldatu bada ere, erabakitzeko eskubidea aitortzen baitute, orduko errealitate berdintsuan jartzen dute: Madrilgo Parlamentuan osa dezagun erabakitze eskubidea aitortuko duen gehiengo politikoa, horrela Katalunian zuen etorkizuna erabakiko duzue. Hau bai
tranpa, jakin badakitelako horrelakorik ezinezkoa dela espainiar estatuan, nahiz eta sarritan ezina ekinez egina. Ez dut aipatu baina estatuko ezkerraz ari naizenean, Podemos eta horren inguruan dauden marka ezberdinaz ari naiz. Eskerrak, Podemos barruan badira batzuk jarrera eta diskurtso ofizialekin bat egiten ez dutenak.
Abenduak 21erako, Rajoyk hauteskunde autonomikoak konbokatu ditu Katalunian, 155. artikuluaren ezarpenaren neurrien artean. Ikusteko dago alderdi ezberdinek hartuko duten jarrera hauteskunde hauekiko. Momentuz, alderdi unionistak, Katalunian erregimena ordezkatzen duten alderdiak PP-PSC-Ciutadans, pozaren pozez daude. Junts pel Si koalizioak orain arte ez du argitu zer egingo duen. Oriol Junkeras-ek elkarrizketa batean aditzera eman du ERC prest egon daitekeela parte hartzeko; CUPek lehenego beroaldian zegoela boikota egingo zuela urriak 27an bertan adierazi zuen. Podem alderdiak unionismoaren kontrako frente bateratua proposatu du. Oraindik goiz da jakiteko zertan geratuko den, zer bidea jorratuko duten, baina garbi dagoena da aurkeztuta edo aurkeztu gabe hauek guztiak modu bertsuan erantzun beharko dute, eta oraingoan Podem ingurukoentzat urriak 1ean izan zuten jarrera anbiguoak ez diela balio. Hauteskunde egutegia oso zorrotza da, eta aurki eszenatokia argituko da, eta argitze horretan funtsezkoa izango da berriro ere, Omnium Cultural eta ANC elkarteek hartuko duten posizioa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: