Erdigunea

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2017-11-15 21:25

Uste dut lehenengo urtean izan zela, gizonezko errugbilari batzuk jardun zirela sokatiran, kirol horretan aritzen den emakumezko talde baten aurka. Hasiera batean ematen zuen neurketa hark ez zuela kolorerik izango, gizonezkoek tita batean irabaziko zutela. Sokatira tiraldietan gutxienez hiru aldagai kontuan hartu behar dira: indarra, teknika eta erabili beharreko estrategia. Lehenengo tiraldian, hasi bezain pronto gizonezkoek irabazi egin zuten, alegia, sokaren erdiak markatzen duen erdigunea, lehenengo kolpean bereganatu zuten. Bigarren tiraldia berriz, arras ezberdina izan zen. Oraingoan, frogako epaileak txistua jo eta emakumezkoek euren gorputza atzerantz bota zuten, gizonezkoen lehenengo kolpe indartsua gelditzeko asmoarekin. Baita lortu ere. Gizonezkoek tira eta tira, baina erdigunea mugiraztea ez zuten lortu. Gero, polili poliki, emakumezkoak joan ziren erdigunea eurak zeuden posiziorantz mugitzen, froga irabaztea erdietsi arte.

Katalunian erdigunea ere mugitu egin da. Katalunia eta Espainiar Estatua jokatzen ari diren tiraldian, dagoeneko erdigunea ez dago erdian, Kataluniarantz mugitu baita. Urtetako lana izan da, lan izugarria, esparru ezberdinetan eginikoa, soberanismoaren inguruan ehun sozial zabala eta anitza josi duena, alor ezberdinetan erreferente esanguratsuak sortarazi dituena, urte gutxitan soberanismoa %10etik %50era eraman duena. Mugimendu sozialek, hizkuntzak, hezkuntzak, langileek, komunikabideek, denek norabide berdinerantz. Jendartea aurretik, alderdiak ondoren. Kalea eta instituzioak.

Estatuak eta bere aparatoak (alderdi politikoak, sindikatoak, komunikabideak, enpresariak, ...) denbora zeramaten birzentralizazioa aldarrikatzen eta gauzatzen: hezkuntza legeak, lan erreformak, negoziazio kolektiboa, autonomiei eskuduntzak murriztuz, ... Eta hala ere, ezin izan dute Katalunian gero eta handiagoa egiten ari zen aldarrikapena geratu. Urte gutxitan, inork gutxik espero zezakeen mailara iritsi dira, 78ko erregimena dantzan ipiniz.

Egun hauetan unionismoaren aldeko medioak saiakera handiak egiten ari dira procés-ak berea egin duela gu guztiok barneratzeko, eta Kataluniako herritarren artean kontraesanak sortarazteko. Orain soberanismoan kokatzen diren alderdiak euren zilborrari begira daudela, Errepublika ahaztu egin dutela. Independentziaren aldeko hainbat lagunek eginiko adierazpenak, kontestutik ateratzen dituzte, eta adierazpenen esanahia aldatzeko adierazpenak laburtu behar badituzte, laburtzen dituzte eta punto. Denak balio du zalantzakor egon daitezkeen pertsonen botoa aldarazteko.  155. artikulua, Generalitatea esku hartu, polizi autonomikoaren buruzagitza aldatu, herri mugimenduko bi Jordiak espetxeratu, Kontseilariak kartzelaratu, enpresak Kataluniatik alde egiteko animatu, beldurra sartu eta sortu, ... . Honez gero, Espainiar Estatuak karta asko erakutsi ditu, baina mordoa geratzen zaio: hezkuntza, katalaneraz diren medioetan esku hartzea edota unionismoaren mezuak katalaneraz zabalduko dituzten medioen sorrera, polizia autonomikoaren kontrol zorrotzagoa, ekonomiaren ikuspegi hondagarria, ...

Soberanismoak aurrera egiten jarraitu ahal izateko behar beharrezkoa du herri mugimendu zabal eta anitz horrek baturik segitzea, norabidea markatzen iraun. Zaharra eta berriaren arteko lehian, berria ari da irabazten, baina posizio horri eutsi ahal izateko lanean segitu beharra dago, lehia luzea bezain gogorra izango delako. Prozesuek gora eta behera  egiten dute, linealak ez direlako. Pasa den larunbatean, azaroak 11ko manifestazioan, berriro gora egin zuen, erdigunea soberanismorantz mugitu baitzen. 


Utzi iruzkina: