Duela urtebete, Zaldibarren lubizia jazo zen.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2021-02-06 10:47

Inoiz baino ozenago, Zaldibar argitu! Urtebete igaro da, eta oraindik hondakinen artean geratu ziren bi langiletatik batek, Joaquin Beltran, hor segitzen du, eta bestearen gorpuzkinak udaran agertu ziren, Alberto Sololuze  zenarenak hain zuzen. 

Ondo oroitzen naiz, orain urtebete, otsailaren 6an, zer egin nuen. Unairekin, mendira joateko geraturik  nintzen. Goizeko 7ak aldera, Antxoko (Pasaia) betiko tabernan elkartu, kafea hartu, eta Aranoruntz abiatu ginen. Aranon, herriko sarreran kotxea utzita, eta poliki poliki, eguneko helburua zen Mandoegi mendi aldera jo genuen. Buelta ederra. Nonnahi haizea zebilen. Mandoegiko tontorrera Kas txakurra lotu behar izan nuen, haize bufadek eraman ez zezaten. Hogei kilometro baino gehiagoko itzulia amaitu ondoren, Aranoko tabernan bazkaldu egin genuen. Bazkal ostean, Unai Antxon utzita, kotxea hartu nuen etxera itzultzeko, Eibarrera. Bidean, buruan oroimenak bor bor,  ordura arte Mandoegin izana nintzen guztietan Ezekirekin izan zelako, eta otsailak 6ko hartan bere ausentzia/presentzia nabaritu egin nuen. Irratia piztuta, ematen  ari ziren saioan etena egin, eta berria eman zuten: Ermua Eibar tarteko mugan, lubizia izan zela eta autopista moztuta zegoela bi norabidetan. Lau t'erdiak izango ziren, eta ni Eibartik gertu nengoen, Elgoibarrera sartzeko irteera pasata. Hortik aurrera bi ordu behar izan   nituen etxera ailegatzeko.

Osteguna zen, eta ostegunero bezala herrian kontzentrazioa zegoen. Kontzentrazioan beste hizpiderik ez zen izan. Adinekoek hondakindegikoak ezagutzen zituzten eta denetarik entzun nuen. Biharamunean hondakindegian bertan agertuko zen amiantoa ere, adinekoen artean vox populi zen. 

Luiziak bi langileen bizitzak kobratu zituen, eta goitik beherako mugimenduan bertan zeuden hondakinak baino kontu gehiago agerian utzi zituen. Aseezina den lan egiteko modua; jeltzaleen munduan ohikoak diren ate birakariak; aministrazioaren axolagabekeria; ... Eskerrak, ezbehar gogorreneetan ere, badira argia pizten dakitenak, eta Zaldibarkoa ez da salbuespena izan. Hamabi hilabete hauetan txiri txiri lanean ibili den pertsona taldea eratu da, helburu garbi batekin: gertatutakoa argitu eta erantzukizunak eskatu. Aupa Zuek!


Utzi iruzkina: