Bizitza

Bizitza burutazioak baino + | 2026-01-12 16:39

Azkeneko hilabeteak zinez ezberdinak izan dira. Abenduak 31n lagun bat hil zen. Berak eskatuta eutanasiak lagunduta joan zen. 

Iraila erdi aldean ospitaleratu zuten oin batean zuen zauri batek itxura onik ez zuelako. Hilabetera edo, belaun gainetik hanka moztu zioten. Ondoren, ospitalean bertan errehabiilitazioa egiten hasi zen hainbat jarduera ikasi behar baitzituen: ohean etzan egotetik eserita egotera, ohetik aulkira nola pasatu, ... Aldi berean ere, etorkizun hurbilean begiak iltzaturik zituen: hara eta hona mugitzen lagunduko zuen aulki elektrikoa begiratzen, ... Baina bapatean, ospitaleko bere egunerokotasunean hodei ilunak agertzen hasi zitzaizkion: beste oinetako behatzetan puntu beltz batzuk agerian ziren. Medikuek ikusi eta muturra okertu zuten: saiatuko zirela baina ziur aski, zoritxarrez, berriz kirofanora joan beharko zuen eta bigarren hanka moztu.

Lagunak ez zuen zalantza izpirik izan: aukera horren aurrean, hau da, geratzen zitzaion hanka moztearena,  bere erabakia zela Osasungintzak eutanasia programan sartu, eta ahalik eta lasterren eutanasia gauzatu.

Erabaki horrek inguruan zuen jende guztiarengan astindu ederra eman zuen. Maite genuen lagunak erabakia zuen bizitzari amaiera eman, berarentzat bizi ari zen hura ez baitzen bizigarririk. Erabakia ausarta. 

Aste horietan lagunarekin aukera izan nuen bizitzaz eta heriotzaz hitz egiteko, eta egia esan niretzat oso lagungarria izan zela. Bloga honetan aurretik idatzia dut heriotzaren gaiak nigan sortarazten zuen "yuyua"; orain, beste begirada daukat. Laguna joan da bere ingurukoengandik agurtzen, bere erabakia lasaitasunez adierazten, besteoi patxada ederra eskaintzen. 

Dagoeneko azken borondateen agiria egiteko hitzordua eskatuta daukat. Momentua iristen bada, hartu beharreko erabakia izan dadila nire erabakia.

 

 


Utzi iruzkina: