Belgikako justiziaren beldur, Espainiar Estatuak atzera.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2017-12-06 17:39

Atzo Pablo Llarena epaileak hautsak harrotzen jarraitzen duen ebazpena eman zuen: Bruselan dagoen Carles Puigdemont eta lau kontseilarien aurkako euroagindua bertan behera utzi zuen. Beraz, libre dira nahi duten tokira joateko, Europan barna mugi daitezke, baina Espainiar Estatuan sartuz gero atxilotuak izango dira, Espainiar Estatuan indarrean segitzen baitute euren kontrako ustezko delituak: sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilpen ez egokia.

Espainiar Estatua zeren beldur da? Zergatik hartu dute erabaki hori? Nire lagun batek esaten du, bizitza honetan erridikulua egitea ekidin behar dela, besteen aurrean erridikuluan geratzea itzuri behar dela. Eta hori da, hain zuzen, Espainiar Estatuak ebazpen judizial horrekin egin nahi izan duena: nazioartean berriro ere, erridikuluan ez geratzea. Espainiar Estatua jabetu da Belgikan justizia beste irizpideetan oinarritzen dela, eta aukera handiak zeudela Carles Puigdemont eta bere kontseilariak kargu gabe geratzeko, eta eszenatoki hori ager ez zedin, atzera egitea erabaki egin du.

Honek guztiak gure begien aurrean Espainiar Estatuak erabakiak hartzeko unean erabiltzen duen arinkeria uzten du. Arinkeria delituak irudikatzeko, eraikitzeko, leporatzeko. Arinkeria Europako beste Estatua korapilatzeko. Arinkeria Europako beste Estatuaren justizia nahasteko. Arinkeria ...

Hala eta guztiz ere, arinkeri horrek ez dut uste Espainiar Estatuari kosterik ekarriko dionik; aitzitik, hedabide unionistek eta euren iritzi sortzaile sortak Llarena epaileak hartutako ebazpena erabiliko dute independentisteen aurka deklaratuta duten gudan beste argudio bezala. Izan ere, Espainiako Estatuko justizia egonik, Belgikan ez digute ezer irakatsiko. Ezta pentsatu ere!


Utzi iruzkina: