Azaroak 20
Gaur kostatu zait ohetik altxatzea. Egia esan, eguraldiak ez zuen bat ere laguntzen, zerua hodeiez beterik bait zegoen, goibel, ni bezala. Horrelako egunetan nagikeriaren menpekoa ez izateko garrantzitsua da disziplinatua izatea. Eginbeharrekoak errepasatuta bi telefono deiak egin ditut.
Lehena, pasa den astean ebakuntza izan zuen lagunari. Hobeto dagoela esan dit; animosoa sumatu dut telefonoz beste aldean. Ehiztari izanik, ehiza kanpaina utzi behar izan du ebakuntza egin ziezaioten, eta horrek kantrajarrian dauden bi sentsazio eragin dizkio: batetik, atsekabea, berarentzat aurtengo ehiza aldia amaitu delako, baina bestetik, poza, gero eta gutxiago gelditzen delako datorren urteko ehiza aldirako.
Bigarrena, sindikatuan ezagutu nuen lagun handi bati. Gure artean ohikoa den moduan, osasunaz hitz egiten hasi gara gure elkar hizketa. Azken egunotan amets gaiztoak izaten ari dela eta kezkaturik zegoela esan dit. Gero egoera soziopolitikora jauzi egin dugu, eta besteren artean EHUko erretore izateko hauteskundeak hizpide izan ditugu. Hauteskunde zailak direla komentatu dugu, ideologiaz haratago bestelako aldagaiak ere jokoan sartzen direlako, eta horiek zenbait pertsonengan eragin handia izaten dituztela: publikoki hautagai batekin lerrokatzeak ekar dezake diru gutxiago egiten ari zaren ikerketarako, diru gutxiago zure fakultaterako, ... Unea interesgarria da, eta egun EAEko unibertsitate publikoa kudeatzen ari direnek ikusi dute euren agintaldia buka daitekeela.
Bi telefono deia horiez gain, gaixo dagoen beste lagun bati wasap mezua igorri diot. Minbiziarekin hainbat urte borrokan ari da eta martxotik ez dut haren berririk izan. Ikusi dut mezua ailegatu zaiola eta irakurri duela, baina momentuz ez dit erantzun.
Eta hau idazten ari naizela beste lagun batetaz oroitu naiz eta deitu diot, baina ez dit hartu. Lagun hau azken aldiz bere bikotekidearen agurrean ikusi nuen, eta geroztik arrazoi ezberdinengatik ez dut aukerarik izan berarekin egoteko. Eta uste dut aurten, luzamendurik gabe berarekin egon behar dudala. Pentsatu eta ekin. 2024 urteari geratzen zaizkion egun hauetako batean bere herrira joango naiz. Urtetan elkarrekin lan egin dugu; militantzia partekatu genuen eta horrek elkartu gintuen, adiskidetu gintuen.
Idazteak eguna kolorez aldarazi dit.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: