Azaroak 11ko manifa, inflexio puntua?
Lehengo egunean, azaroak 13an, Antoni Bassas-ek Ara.cat-ean argitaratu zuen artikuluaren muina hori zen; denbora pasa beharko da horrelako kale mobilizazioa ikusi ahal izateko. Izan ere, pasa den larunbatean, azaroak 11n, Barcelonan egin zuten manifestazioa oso handia izan zen. Lehenengo datuen arabera 700.000 pertsona batu ziren. Geroago, espazioa neurketetan oinarritzen ziren beste iturriek kopurua hori bikoiztu egin zuten. Edozein modutan eta oso denbora gutxian deitutako mobilizazioa izanik, soberanismoak mobilizatzeko duen gaitasuna agerikoa da.
Antoni Bassas-ek bere artikuluan esaten zuen proces-a fase berri batean sartzear zegoela, eta fase berri horretan nagusiko diren zereginak bulegoetan eta alderdietan kokatuko direla, kaleko iniziatibak eta herri mugimenduak espazioa, ikusgarritasuna eta indarra galduko dutela.
Bat nator abenduak 21a ondorengoa alderdiek ongi definitu behar duten horrekin, eta baita horretarako denbora nahikorik behar dutela ere; Espainiar Estatuak lehenengo kartak erakutsita, eta karta gehiago gordeta dituela jakinda, borroka luze baterako prestatu beharra dagoela soberanismo osoarentzat oso garbi geratu da. Baina, hortik esatera bulego eta alderdien lanak izango direla fase berria ezaugarrituko dutenak jauzi handiegia da. Egun, eta etortzeko den fase berrian proces-aren babesleak eta bermaileak herri mugimendua eta herritarrak dira, eta hauek izango dira fase berrian ere alderdiei eskatuko dietenak herri mandatoa bukaeraraino eramatea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: