Ama, non bizi da?
Atzo, aste osorako erosketekin aitarenera etorri nintzen. Esna eta lasai zegoen, egongelako bere besaulkian. Astelehenetik ostiralera bera zaintzen lan egiten duen bi pertsonetako batekin zegoen, E-rekin hain zuzen. Hirurok egongelan ginela balkoira ateratzeko proposatu nion aitari, eta halaxe egin genuen. Udan egonda, balkoi aurrean dagoen Pasaiako portuan mugimendu handia ikusten zen bertatik: piraguak, traineruak, poterak, ... Hala ere, aitaren begirada portuan egin berri duten arrandegian, eta honen gainean ipini duten jardinean/pasealekuan zegoen. Esaten zuen ez zuela ulertzen zertarako egina zuten, inor ere ez zebilelako.
Ondoren sukaldera joan ginen eta han egon ginen hirurok kafea gailetekin hartzen. Une batean, azken aldian beti gainean ibitzen duen kartera alkandorako poltsikotik hartu, eta bete amaren argazkia atera zuen. Argazkiaren atzealdean "nire ama maitea" irakur daiteke, eta berak behin baino gehiagotan ozenki leetu egin zuen.
Behin kafea hartuta, atzera egongelara itzuli ginen. Eserita ginela, egongelan dagoen mahaitxotik gure amaren argazkia hartu, eta argazkikoa zein ote zen galdetu nion. Lehengo familiakoa zela ihardetsi zuen. Eta hor geratu zen bere pentsamenduen uztarrira lotuta.
Bapatean, ama non bizi zen galdetu zuen, eta egiari zor, zer erantzun jakin gabe gelditu nintzen, baita bera horretaz ohartu ere. Zalantzati ikusi ninduenez (ez bainekien bere edo gure amaz ari ote zen), segidan ea hilda zegoen itaindu zuen. Nik baietz esan nion, hilda zegoela, eta orduan berak zera esan zuen, ez zekiela hilik zegoela, ez zela enteratu izan. Horrekin gure amaz, bere eta gure amaz, elkarrizketa nahasturik amaitu zen, bera kantatzen hasi baitzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: