Altsasu Catalunyatik gertu.
Aste honetan ezagutu dugu Altsasukoei ezarri dieten kartźela zigorra. Zigorra pixka bat gutxitu arren, berriro ere, espainiar justizia euskal herritarrontzat justizia ez dela agerian geratu da.
Gaur bertan, espainiak bere urriak 12a ospatzen duen bitartean, medio ezberdinetan irakurri izan dugu proces-aren aitzakipean kartzelaratuak izan zirenei emango dieten epaiaren filtrazioa. Altsasukoen kasuan bezala zigorra baxuagoa izango bada ere, Catalunyako herritar hauentzat ere espainiar justizia ez da justizia izango.
Ostegunean, Euskal Herri osoko herri askotan Altsasukoekin elkartasuna adierazteko mobilizazioak burutu ziren. Urriak 26an, Iruñean erraldoia izango den manifestazioa burutuko dugu.
Modu berean, ziurrena datorren astelehenean, epai irmoa ezagutzerakoan Catalunyako presoei elkartasuna eadierazteko eta espainiar ez justizia salatzeko mobilizazio erraldoiak izango dira, Catalunyan bertan, Euskal Herrian eta baita beste tokitan ere. Catalunyan hiru egunetako martxak iragarrita daude, baita greba orokorra deituta ere.
Mobilizazioak behar beharrezkoak dira. Era berean erantzun instituzionalek ere bere zeregina dute. Baina mobilizazioak zein erantzun instituzionalak antzuak izan daitezke honek guztiak bide orririk ez badu, Catalunyan zein Euskal Herrian errepublika sortzera eramango gaituen bide orria alegia. Bide orrì hori gabe espainiar estatua lasai egongo da, jakitun delako epai hauek sortarazi duten amorrua apaltzen joango delako.
Euskal Herriak eta Catalunyak, Catalunyak eta Euskal Herriak, bide bat partekatu dezakete, Errepublikara doan bidea, bide zaila, gorabeheratsua, oztopoz beterikoa, baina elkarrekin eta batera, kaleetatik eta instituzioetatik, egunez egun herria eginez eta herritarren bizi baldintzak hobetuz, bide hori egin ahalko dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: