Aita

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2020-11-07 22:38

2020ko urriaren 25a.

Azken urteotan egin ohi bezala, urriaren azken igandean ordu aldaketa egin behar genuen: goizaldeko hiruetan, ordularia ordubetez atzeratu egin behar genuen. 

Bart, oheratu baino lehenago, gaueko hamaikak aldera ordu aldaketarena aitari azaldu nion, eta nahi bazuen, ordua aldatzeko. Ezetza izan zen bere erantzuna, biharamunean egingo zuela.

Badira bost urte aita osasuna galtzen hasia dela. Garai hartan bizkar aldean erpesa atera zitzaion, oinaze handia eragiten zion erpesa. Medikuarengana joan zen eta medikuak pilula batzuk errezetatu zizkion. Artean, aitak 86 urte zituen, eta ordurako hamaika urte ama hilda zela.

Betidanik oso osasun onekoa izan denez, bizitzan zehar ez du botikarik hartu behar. Prostatarako eguneko pilula bat bat, besterik ez. Erpesak eragiten zion mina gutxitzeko sendagileak emandako pilulek ondorio latzak erakarri zizkion: egun batetik bestera, ordura arte oso pertsona dinamikoa, guztiz autonomoa, menpekoa bilakatu zen. Hura ikusita, anai arrebok berarekin denbora gehiago ematea erabaki genuen, gehien bat, gaua bere etxean igarotzea. Gure aukeren arabera, kalean elkartzen ginen, edo denbora larriz ibiltzen baginen, zuzenean bere etxera joaten ginen. Hasiera hartan, normalean berak afaria prestatu egiten zuen, eta gure zeregina izaten zen mahai atondu, afaldutakoan platerak-eta jaso, eta harrikoa egin. Betidanik oso berritsua izan da, eta afalostekoak animatuak izaten ziren.

Ama hil eta berehala, harremana hestutu zuen euren adiskidea zen emakume batekin: Ma. Egunez denbora dexente egoten zen Ma-rekin, eta gauean gurekin. Bikotea osatu zuten. 

Erpesaren mina gutxitzen joan zen neurrian pilulak hartzeari utzi zion, eta hobetu bazuen ere, ez zen erpesa baino aurreragoko osasun egoerara itzuli. Guk txandaka jarraitu genuen, Ma gaixotu egin zen, eta gaixotasunaren ondorioz hil egin zen. 

Bost urte hauetan, eta zatiketa sinplea eginez, 365 egun berarekin egon gara, anai arrena bakoitzak urtebete. Denboraldi nahikotxoa aita amildegian  sartzen ari zela ikusteko, hastapenetan poliki, denbora pasa ahala abiadura areagotuz. Beste kontu batzutaz idazteko dudan blog honetan, martxoan, "Gainerakoak ez du garrantzirik" izenburupean aitari buruz idatzi badut ere, aitak izan duen bilakaera jaso ez izana, idatziz, galera izan dela, galera pertsonala. Izan ere, bost urtek ematen duten ikusmira ezin hobea horretatik begiratuta, aitaren aldaketak oso handiak izan dira. 


Utzi iruzkina: