Abenduak 1eko hauteskundeetarako lehen epea amaitzear dago.
Bai, koalizioak erregistratzeko epea gauerdian amaituko da. Toki ezberdinetatik deiak egin izan dira, azkeneko hilabeteetan erakutsitako batasun bertsuan edo ahal izanez gero modu zabalagoan hauteskundeetara aurkezteko. Ematen du dei guzti horiek ez dutela lortuko espazio soberanista koalizio berdinean aurkeztea. Horren ordez egon daitekeen aukera da programan elementu komunak edukiko dituzten zerrenda berezituak. Bakoitza bere aldetik. Eta hau da herritarrek, alderdien zurrunbiloetan murgildurik ez dauden herritarrek, ondorioztatuko dutena.
Zerrenda berezituen alde dauden batzuek esaten dute modu honetan aukera handiagoak direla diputatuak ateratzeko, azkeneko diputatuen banaketan ondarrek garrantzi handia dutelako. Beste batzuk koalizian joateko aldekoak direla, baina koalizio zabal zabalak izan behar direla.
Nere ustetan une honetan ondoen posizionaturik dagoena PDCat alderdia da. Hasieratik esan zuten eurek zerrenda bateratu nahi zutela, eta gainera Carles Puigdemont-ek aukera duen guztietan gauza bera errepikatu izan du.
Atzera begiratuz gero, urriak 1eko erreferenduma orain dela denbora asko gertatu zela ematen du, aspaldiko gertaera
dela ematen du, baina berrogei egun baino ez dira igaro. Kataluniako herritarrek ez dute ahazten urriak 1era nola iritsi ziren, soberanismoa baturik, eta ondorengo data esanguratsuetan soberanismoak nola erantzun duen. Iruditegi kolektiboan iltzatuta geratu da denak batera gehiago direla, gehiago ahal dutela. Herritarrek orain arteko ibilbide bateratu hori balio erantsitzat jotzen dute. Baturik ari izana modu positiboan bizi izan dute, eta batasun horretatik alde egingo duenak ongi adierazi beharko du zergatik egingo duen, bestela oso garesti ordain dezake. Are gehiago Carles Puigdemont Bruselan dagoenetik bereganatzen ari den zentralidadearekin. Mediatikoki ari da erdigunea Bruselan kokatzen, eta alde berean Puigdemont bera ari da erdigunearen ikurra bilakatzen.
Dagoeneko erabakia ERC-ren baitan dago. Hautagaitza zabalak aurkezteko epea (hautesleen %1eko babesarekin) azaroak 17an amaituko da. Herri estrategia eta alderdi estrategiaren artean hautua egin behar du. Lehenengoaren alde eginez gero, Carles Puigdemont izango litzateke President-gaia; bigarrenarekin berriz, Oriol Junqueras. Hamar egun geratzen dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: