Azeri

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2023-08-27 12:09

jon.urru@hotmail.com 1696955968463

Abuztuak 27, igandea.

Ez dakigu guk baino beldur handiagoa duen, eta zer duen dakien. Bi aste daramazki oso gutxi jaten, azken egunetan ezer ez, atzo eta gaur sarritan marraka, eta guk zer egin jakin ez. Izan ere, abuztua ez da hilabete aproposa animalia bat gaixotzeko (ezta personak ere, euskal oasian anbulategi asko itxi edo zerbitzua murrizten dutelako), gure kasuan bere albaitaria oporretan dagoelako. Bihar, berriz lanean hasiko dira, eta eramango dugu, ea zer esaten digun. 

Datorren astean gure katuak, Azeri, 15 urte beteko ditu, eta bere egoera adinaren ajeak edo beste zerbait izan daiteke. Baina nik uste dut, nahiz eta gure artean ez komentatu, Pilik eta biok pentsamendu bera dugula, alegia, bihar albaitriak esango digula, gure katameari agur esateko. 

Abuztuak 28, astelehena.

Goizean albaitariarengana joan gara, eta arratsaldean pasatzeko esan digu. Azerik berdin jarraitzen du. 

Arratsaldean, albaitariak bere kaiolatxotik atera, eta bere gorputza arakatzen hasi da. Berehala titietan tumoreak atzeman egin dizkio. Pilula batzuk eman dizkit hogeitalau ordutara har ditzan, infekzioa jaisteko.

Behin etxerako bidean, burura irudi-mordoak etorri egin zaizkit. Txikitatik ura gustokoa izan du, eta sarritan, dutxatzera joaten nintzenean, ni konturatu orduko nirekin baineran zegoen. Eguzki egunetan etxeko teilatuan ikusten dut, teilen berotasunaz gozatzen. Edo kaletik bueltan, exera itzultzen ginela, han zegoen bera etxerako bidean gure zain, miauka. Edo, ni sofan siesta egiten, eta bere nire gainean. Edo ...

Abuztuak 29, asteartea.

Bere egoera ez da aldatu. Berdin jarraitzen du, eta hirurontzat sufrikarioa izaten ari da. Gaur albaitariak sueroa ipini dio. Horrenbeste egun ezer jan eta edan gabe egon ondoren, bere gorputzak boltsa osoa xurgatu egin du. Bihar berriro ekartzeko esan dit albaitariak. Nik uste ausartagoak bagina albaitariari lokartzeko eskatu beharko genioke, baina ez dakit zer esperantza izpiari heltzen diogun pausu hori ez emateko. 

Albaitariaren kontsultan nagoela, aitaren irudia sarri etorri egin zait. Izan ere, nik uste istorio honetan paralelismoa egon badago. Sinestuta nago dagoeneko gure aitak etsi egin duela, bizitzeko gogorik ez duela, nahiz eta momentuak eta  momentuak izan. Orain dela gutxi Argia astekarian irakurri dut Mari Luz Esteban-i eginiko elkarrizketa. Bertan, Esteban-ek gai asko jorratzen zituen, tartean heriotzarena. Heriotzaz, honako hau  adierazi zuen: "Zer da heriotza ona feminista batentzat? Noiz hil, nola hil, ... Nire azken ekintza izan daiteke heriotza duina, utz dezakedan testamentu onena, ondo bizitzeaz gain ondo hiltzea, garaiz hiltzea".

Abuztuak 30, asteazkena.

Ez aurrera ez atzera jarraitzen du. Gaur ere suero boltsa ipini dio eta bere gorputzak oso osorik zurrupatu egin du. Kaiolan barruan duen toailaren gainean pixa eta kaka egin du. 15 urte hauetan inoiz ez du horrelakorik egin, bera beti oso garbia izan da eta bere beharrak etxe aurrean dugun belardian egin izan ditu. Oso nekatuta ikusten dut.

Abuztuak 31, asteazkena.

Albaitariak esan dit ahaleginak egin ditugula baina ..., ea lokartuko dugun. Baietz esatearekin batera lehertu egin naiz eta negarrez hasi naiz. Azeri agurtu dut eta han utzi dut albaitariarekin azken bidaia egiteko prest.

 

Gaur, urriak 9 da, eta zirriborro moduan zegoen textu hau errekuperatu egin dut, eta oraindik orain begiak buztitzen zaizkit. Ez dakit noiztik hain sentibera naizen, baina azken boladan sarritan horrela sentitzen naiz.

Arestian aitarena komentatu dut. Hain justu, aurreko astean anaia eta arrebok elkartu ginen aitaz mintzatzeko. Azken hilabetetan eta astetan bere egoera okertu egin da. Oinez ibiltzeko gero eta zailtasun handiagoak ditu; gauez gainean pixa egiten du; pixaohiala erabiltzen hasia da; ... Orain arte etxean, bere etxean egon da, baina aurreko egun horretan geure buruari galdetu genion ea hori zen egokiena gure aitarentzat, ea ez zen hobeto egongo erresidentzia batean, ea ... Zalantzeekin, baina erresidentzi batera eramateko izapideekin hastea erabaki genuen. Eskaera onartzen badigute, orduan, une horretan ebatzi beharko dugu eraman edo etxean jarraitu. Ikusiko dugu. 

 


Utzi iruzkina: