ZERGATIK DIOGU PUNK, BENETAN ROCK ESAN NAHI DUGUNEAN?

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2006-10-25 23:51
2

“Jarrera oso punkia”, mila aldiz entzundako zerbait da. Haustailea, iraultzailea, makarra, destroyerra etabar esan nahi izaten da normalean. 1976-77an punk ingelesak eztanda egin zuenean (USAko hainbat talderen eraginpean), iraultza musikal eta soziala, apurketa jazo zen. “Apurtzaile” hitza ez da, haatik, punkaren monopolioa. Ez eta gutxiagorik ere. Niko Etxart, punkiak baino punkiago izan zen bere eskual rock’n’rollin’arekin abiatu zenean, askorentzat eskandalu hutsa bait zen amerikarren musika gurera inportatzea, Errobiren kasuan bezala. Little Richard eta 50etako rockerrek zilipurdika jarri zuten USAko musika popularra. Ray Charles eta R & Beko beste artistak txurien arrakasta zerrendetara salto egin zutenean iraultza egon zen. Black Sabbath eta Gran Funk Railroad-ek musika astuna asmatu zuten. Californiako Acid Rockak ia mundua aldatzea lortu zuen. Eta honela jarrai genezake ordu luzeetan zehar. Noski, MC5 eta Stooges, New York Dollsak punka sortu zuten, jakin gabe. Beraientzat rock’n’rolla besterik ez zen. Eta hauen lekukoa britainiarrek hartu zuten, The Clash, Damned, Pistols, Stranglers etabar luze batek. USAn ez bezala, gizartean sekulako apurketa egon zen, fenomeno soziologiko bihurtu zen, sistema bera kolokan jarriz, urte pare batez bakarrik, ordea.

Punkaren izpirituak aurrera dirau, duda izpirik gabe. Beharrezkoa izan zen, musikal eta sozialki garrantzitsua, desafio bat agintariei. Baina hauek ere, Chuck Berry eta Jerry Lee Lewis bezala, Janis Joplin, John Sinclair eta Love bezala, irentsiak izan ziren. Botereagatik batzutan, drogaren erruz beste batzutan, eta bien ondorioz askotan.

Punka esentzian rock’n’rolla da, nolabait rock esateko beste termino bat besterik ez. Hura gabe, ez legoke hau. Azkenik, bere esanahia galtzen joan da, eta “Che Guevara” terminoaren moduan, debaluatu ere, nere uste apalean.

40 urte atzera egingo banu, Benito Lertxundirengana joango nintzake zuzenean, eta kitarra espainiarra jotzeko hartu zuen erabakiari, beranduago “punk” esango ziotela adieraziko nion, hori Euskal Herrian apurtzailea izan zelako, eta euskal sektore atzerakoientzat, sakrilegioa! 1970an, Ozzy Osbourneri punkia zela esango nioke “Flower Power”a apurtzeagatik. Baita Iggy Pop-i, Mikel Laboari, Sisari, Pau Ribari,    José Carlos Molina eta Pepe Risiri. The Kinks eta The Troggsi, The Who eta Esqueritari. “Zaharra izan baino lehen hiltzea espero dut” zioen Pete Townshendek, 1965ean! Kitarrak, bateriak, anpliak izorratzen zituzten, hautsi mila puskatan, berak eta bere The Who talde...punkiak?

Ramoncín punkitzat hartu zuten, bere jarrera guztiz probokatzaileagetik. Berak, ordea, rock and rolla besterik egiten ez zuela zioen, lehen eta orain. Bere lehen diskoa (gogorrena) entzunez gero, rock zitala eta riff astunak ditugu, ez ordea punk musika. Cornellán bazegoen garai hartan –70etako amaieran- beste talde oso oso makarra bat: La Banda Trapera Del Río. Hauek ere bereak eta bi esaten zituzten (“Nacido del polvo de un borracho”, “La Regla”...), eta horrexegatik punkiek bereganatu eta talde kuttuna bihurtu zuten. Berriro ere, ordea, rock musikataz ari gara. Jarrera oso punkia zuten? Hala betiko jarrera transgresorea, eta rockeroa?

Etiketak, musikariei asko gustatzen ez zaizkienak, beharrezkoak iruditzen zaizkit hala ere. Askotan ez dute talde baten estiloa guztiz definitzen, eta bestalde, etiketa haiek publiko purista bat ere sor dezakete (“Trash Metal autentikoa”, “Rockabilly puroa”, “Benetako bluesa” etabar.), baina azkenean, guztiok erabiltzen ditugu eta funtzionalitate oso garrantzitsua dute. Egia da batzutan interes ilunagoengatik ere sortu izan direla (dirua egiteko propaganda bidez): Grunge, Rock Radikal Vasco, Punk, Heavy, Gothic...baina honela ikusiz gero, guztiak!!

Rhythm & Blues eta Country & Western elkartu zirenean sortu zena, Rock and Rolla izan zen. Eta hortik aurrera, hainbat seme alaba izan zituen. Baina ama honek, guztiak berdin maite ditu. Gora rock and roooolllll!!!!

“You make me move, yeh, like no one else

And when I’m with you, I can’t control myself

Ba ba ba ba ba ba ba ba ba

I can’t control myself

Ba ba ba ba ba ba ba ba ba

I can’t control myself...”

The Troggs, “I can’t control myself”.

twister

twister 2006-10-26 10:43 #1

Oso ona txikito!

Hori dek hori arrazoia edukitzea. Esplikatu guzti hori nere kuadrilako skinetoei. Badakite egia dela, baina behin eta berriro ezeztatzen dute.

Azkenean ez dago Sex Pistols, NY Dolls edo Stooges gabe. Ez dago punk-ik rock and roll gabe.

Rock and roll,punk & soul music forever!

twister

twister 2006-10-26 10:48 #2

Hori dek hori arrazoia edukitzea txikito!

Ez dago sex pistolsik ny dolls gabe. Punk-a R&Raren; seme bat da.

ondo ibili!

Utzi iruzkina: