ZARAMANEN ITZULERA DESIRATUA

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2009-06-14 19:04

        Emozio handiz hartu nuen Santurtziarren itzuleraren berria. Ez nuen inola ere espero, eta are gutxiago Roberto Mosoren “Flores en la basura/Loreak Zaraman” liburua irakurri eta gero. Baina garai hauetan, gutxien espero duzuna ere elkartzen denean, dena da posible. Oraindik harridura handiagoz, ahozabal geratu nintzen itzulera bira Last Tour Internationalek antolatu ziela jakitean. Nigatik inolako arazorik ez, aretoetan askoz ere hobeto gozatu dezakegulako taldearen sonidoaz eta gertutasun handiagoa sentitu ohi delako. Beraiek ere frontoietan eta plazetan jotzeaz nazkatuta egongo zirela pentsatzen dut.

       4 kontzertutako biratxo honen ondoren, programa ofizialetik at, atzo Amalloko jaietan jo zuten. Denbora asko neraman kontzertu honen zain, duela hilabete batzuk iragarri zenetik, eta are gehiago azken aldiz ikusi nituenetik: 16 urte bete nituenean nire herrian, Oiartzunen, jo zutenetik. 1991n izan zen hori, ikusi nituen egun bakarrean, eta oroitzapen bikaina utzi zidaten. Pabeloia oso altu utzi al zuten? Agian bai, baina hemen bi azalpen egin nahiko nituzke: Atzo sonidoa negargarria izan zen, eta bestetik, taldeak 15 urte zeraman kontzerturik eman gabe.

      Errodaje falta hori edonork nabarituko luke, eta Santurtziarren kasuan ere hala izan zen. Roberto Mosori oraindik kontzertutxo batzuk falta zaizkio guztiz solte ibiltzeko. Baina hor ongi ikusi zen nondik heldu badagoela, eta Frontman ona baino hobea dela: bizia eta benetako liderra. Eta ahotsa maila ikaragarrian mantentzen du, taldearen ezaugarri diren nota agudo horietara inolako arazorik gabe iritsiaz, “Gasteizko Gaua” eta “Sexcalextric” lekuko. Maisua.

     Baina gaueko arazorik nagusiena sonidoa izan zen: Desastre hutsa. Kitarra ozentasun minimo batekin entzun ahal izateko 45 minutu behar izan zirela esanda…dena esana dago. Ordurarte jostailuzko tramankulu bat zirudien. Negargarria. Teklatuak ez ziren entzuten. Ahotsa izango zen, agian, ondo entzuten zen bakarra.

     Halako batean, kitarra entzuten hasi ginen. Oh! Ordurarte buruarekin ezetz zioen kitarristari aurpegia aldatu zitzaion: bapatean talde guztiari kutsatu eta keinuekin “Azkenean!” ziotela zirudien. Kanta amaitzean amorruz markatu zuen soloak irribarrea sortu zigun. Geroztik emanaldia beste gauza bat izan zen, nahiz eta sonidoa ez zen inolaz ere ona izan. Sonidoak ere akatsak izaten jarraitu zuen, baina eutsi egin behar!

    “Kostako bidea”rekin hasi ziren, “Binilo bala” (1994) bere azken diskoko kantarekin. Pertsonalki jendea nahiko hotz nabaritu nuen, eta bere kanta biguinenak izan ziren kantatuenak: “Txatxo” eta “Iñaki” batez ere. Kanta zahar gehiago faltan bota nituen, baina “Nahiko”, “Zaramaren erdian”, “Gasteizko gaua”, “Bildur naiz”, “Dena ongi dabil” edo “Euritan” entzutea itzela izan zen. “Bostak bat” (1989) diskotik “Dominus vobiscum” ederra izan zen, baina “Kolpeka beti” ez jotzeak harritu ninduen. Benito Lertxundiren “Beti penetan”en bertsio punkia borobila geratu zitzaien, eta The Who eta Eskorbutorekin egin zuten meddleya bikain atera zitzaien, “Baba O’Riley”rekin hasi, Eskorbutoren “Eskizofrenia”rekin jarraitu eta ondoren, berriz ere ingelesen “My Genaration”ekin amaitzeko. Eskorbutori, guztion pentsamenduan dagoen leiendari, omenaldi hunkigarria. Zentzu handia duena, are gehiago Iosu Expósitok Zaramaren hasieratan parte hartu zuela jakinda. Eta jakina da Iosu THE WHOren miresle sutsua zela.

      Azken batean sentimendu askotako gaua izan zen, emozio askokoa, soinuak dena baldintzatu bazuen ere. Eta gure aurrean errodaje falta duen talde legendario bat izan genuen, bere potentzial izugarriaren zati bat erakutsi ziguna, kitarrista eta baxulariaren estilo eta pose dotoreekin, eta aurrera jarraitu ezkero zeresan ugari emango duena. Nik ez daukat dudarik. Espero dut berriz ere laster ikustea, eta beste 18 urte itxaron behar ez izatea. Udako herrietako jaietan ikusiko ote ditugu? Nik baietz esango nuke!!

    Euskal Rock Klasikoaren itzulera gozatu dezagun! Eta euskararen alde zenbait mihiluzek baino dezente gehiago egin dutenei bere meritua onartu diezaiegun.

         Izan gira Eskual Herrin Rock And Rolling!!!!


Utzi iruzkina: