Xabi San Sebastian- Lugaritz 2014-10-18
XABI SAN SEBASTIAN Imanol Larzabal Aretoa (Lugaritz K.E., Donostia) 2024-10-18
HOGEI URTE ETA HAMAIKA BIZIPEN
Izotz eta Alboka taldeetan aritua, 2004ean ekin zion bakarkako ibilbideari Xabi San Sebastian donostiarrak. Hogei urte bete ditu beraz bakarkako ibilbidean, baita bost disko argitaratu ere. Emanaldi berezia izan genuen atzokoa, bere taldeaz gain (Igor Telletxea bateria jolea, Nando Neira baxu jolea, Satxa Soriazu -teklatua eta eskusoinua- eta Gari Otamendi –biolina eta mandolina-) hainbat gonbidatu ere taularatu baitziren egun berezi hau ospatzeko. Azken diskoaren (Betazalak, 2023) errepasu integrala egin zuen, guztiak jo baitzituen. Honela, Entzun, Lorratzak harean eta Iñork ez kantuen zehaztasunak eta soinuaren gardentasunak harritu gintuzten. Xabik aurrez-aurreko komunikazioa bilatu zuen musikariekin hasiera parte honetan.
Honela, aurreko diskotik (Zuhaitzak ez du beldurrik, 2017) jo zituen bi kantu bakarrak jarraian jo zituen: Zuhaitza eta bereziki erakargarri egin zitzaigun Basamortu epel. Azken diskoko beste lau pieza jarraian, haien artean Lerro etenak (gaueko lehen gonbidatua ekarri zuena: Ixi Jauregi, hain goxoki kantatu zuena) eta Gure zerriak, zeinetan Satxa Soriazuk lehen aldiz eskusoinua jo baitzuen. Duela bi urte zendu zen Alan Griffin irlandarra lankide izan zuen Xabik Alboka taldean, eta haren omenez bere The seventeenth of July jo zuten haren iloba Irati Irizar (biolina) eta Albokan ere aritu zen Juanjo Otxandorenarekin. Momentu zirraragarriak, baita Joseba Tapiak bere Wafa kutsakorra hain biziki jo zuenean ere.
Sorpresa hartu genuen, deskatalogatuta eta ia ahaztuta zegoela uste genuen Xabiren lehen diskoko (Orai, 2004) lau pieza (horien tartean azken diskoko bi interpretatu bazituzten ere) jo zituztenean. Neure maiteak, adibidez, Niko Etxartekin egin zuten, baita Oreka TX-eko Xabi eta Mikelekin ere (hauek Maritxu ere jo zuten lehenago). Jantzi gaur biharko argiz eta Konpai zoragarriki garbi egin zituzten, eta bisetan, lehen diskoko Agur Maiteño (Xabik bakarrik) eta Donostian (oso erakargarria), gero Ardi gosetuak rockzalea (zeinen ongi egiten duen banda honek!) eta azken agurra Ospela diskoko ordezkari bakarrarekin: Atzo Naiz gogoangarria eta bere kanturik famatuena, Niko Etxartekin batera kantatu zutena. Harritu gintuen bakarra Erraiak disko rockzaletik pieza bakar bat ere ez jotzea izan zen, baina bestela aretoa bete zuen urteurren emanaldi atsegin eta kalitatezkoa izan zen, Xabi San Sebastianek berezkoa duen talentuaren (orain tradizionala, gero kantautorea edo rockeroa...) lagin bat erakutsi zuena. Aparta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: