URTZ MOTORRAK BEROTZEN!!
Kronika hau duela 5 urte argitaratu zen www.entzun.com atarian. Orduan, jatorrizko partaideekin itzuli zen taldea, disko berriarekin gainera. Orain, 2019an, berriz ere disko berriarekin itzuli dira eta Martxoaren 22an Bilborocken egingo duten kontzerturako beroketa polita deritzot kronika hau berrargitaltzeari.
URTZ 2014ko Urtarrilaren 17a DOKA ANTZOKIA (DONOSTIA)
Jaun andreok: eguna iritsi da. Hainbeste urtean zehar amestutako momentua egi bihurtu da. Gezurra dirudien arren, 2014. urtean gaude eta Urtz bueltan da. 19 urte pasatu dira azken aldiz ikusi nituenetik. Sinestezina badirudi ere, uste dut behin bakarrik ikusi nituela zuzenean: 1995eko apirilean izan zen, Zaragozan.
1995ean bere momenturik onenetakoak bizitzen ari zen taldea, eta oraindik gauza asko zizkiguten eskaintzeko (urte bat beranduago argitaratutako Hain urrun disko bikaina lekuko). Ondorengo urteetan kalitate ona mantendu bazuten ere, hasiera lehergarri hura gertutik bizi genuenontzat pixkanaka indarra galtzen joan zirela esan genezake, baina kontuz ibili behar da balorazio sinpleegiak egin nahi ez baditugu. Disko guztietan abesti oso onak daude, eta azken diskoa izan zuten zuzeneko CD-DVD hura, sinpleki esanda, sekulakoa zen.
Baina gatozen 2014. urtera. Hamar urte eszenatik at egon ondoren itzultzeak bere arriskuak dauzka: non ibiliko dira abesti guzti haiek buruz zekizkiten neska-mutil guzti haiek? Zein motatako ikuslegoa hurbilduko da? Garai zaharretako heavy kutsua zuten abesti haien jarraitzaileak, ala Euskadi Gaztearen bidez ezagutu zituztenak? Baladarik ezagunenen jarraitzaileak, ala rockzale amorratuak? Nola erantzungo zuen jendeak? Galdera guzti horiek buruan bueltaka genituela, baina era berean sekulako emozioa eta pasioa sentituaz, hurbildu ginen Doka aretora. Urduri nengoen: 19 urte Urtz ikusi gabe neramatzan!! Argiak itzali, eta hor agertu ziren jatorrizko lau partaideak: Xabier Camarero (“Xabi”) gitarra eta ahotsean, Josu Ariztegi (bateria eta koruak), Asier Arozena (gitarra eta koruak) eta Bittor G. Argüelles (baxua). Azken bi hauek taldearen azken bi diskoetan jada ez bazeuden ere, esan bezala Urtz partaide originalekin itzuli dira.
Eta disko berriko bi piezekin eman zioten hasiera: Marinero eta Txuri beltzean, azken hau benetan zoragarria, Urtzen uztarik onenen parekoa. Ez dut gezurrik esango: ikuslegoari kostatu zitzaion abesti berriekin giroan sartzea, ia ziur, ezagutzen ez zituelako. Iragana hil baino lehen hilezkorrak, ordea, berotze bide horretan lagundu zuen, nahiz eta oraindik kontzertuaren erdira arte itxaron behar izan animo hori gauzatzeko. Oh, lur!, Hautsa astinduz, Irri bat, Hain urrun (gaindiezina!) eta, batez ere, Gau ilun sakon, ilun eta apartak abesti zaharren zerrenda loditu zuten. Azken diskoko Baliteke zoragarrian, garai bateko punteoek eta gitarra jokoek XXI. mendeko Urtz-en lekua ere badutela argi utzi zuten. Honezkero musikariek nola gozatzen zuten aspaldi nabaritua genuen: plazer hutsa da Bittor bere instrumentuarekin komunikatzen ikustea, eta Xabiren zoriontasun aurpegiak dena esaten du. Tipo hauek musikarako jaio dira, eta hainbeste urte eta gero nabari zaie oholtza gosea. Josu Ariztegik (gogora dezagun Xabirekin batera Urtzen etapa guztietan egon den partaide bakarra dela) autoritate handia erakutsi zuen, erritmoa eta gidaritza maisuki eramanez. Asier urrun neukan, eszenatokiaren beste aldean, baina nengoen lekutik ere gozatzen ikusi nezakeen. Honezkero musikariek nola gozatzen zuten aspaldi nabaritua genuen: plazer hutsa da Bittor bere instrumentuarekin komunikatzen ikustea, eta Xabiren zoriontasun aurpegiak dena esaten du. Tipo hauek musikarako jaio dira, eta hainbeste urte eta gero nabari zaie oholtza gosea. Josu Ariztegik (gogora dezagun Xabirekin batera Urtzen etapa guztietan egon den partaide bakarra dela) autoritate handia erakutsi zuen, erritmoa eta gidaritza maisuki eramanez. Asier urrun neukan, eszenatokiaren beste aldean, baina nengoen lekutik ere gozatzen ikusi nezakeen.
Eta zer esan ikusleez? Goian planteatutako galderei erantzunez, gazteak zein zaharragoak ikusi nituen, nahiz eta (agian) gehienak 30 urtetik gorakoak izan, 40 urtetik gorago hainbat barne. Ikusle motari dagokionez, berriz ere denetik egon zen: rockero sutsuak (berehala antzematen zaie, gitarra jokoekin gozatzen ikustean, ukabila altxatzean… e.a.), eta alderdirik, esan dezagun, melodikoenekin edo baladarik ezagunenekin zerua ukitzen dutenak. Litekeena da azken hauek gehiengo nabarmena izatea. Izan ere, Urtzen garai bateko jarraitzaileetako batzuek bizkarra eman dietela esango nuke. Nahiz eta hori ulertzen dudan, benetan gauza on asko galtzen ari direla uste dut. Agian amnesia kolektibo bat gertatu da; alde batetik, denboraren iragaiteagatik, eta bestetik, Urtzek berak banandu aurreko azken urteetan egin zuen aldaketagatik. Dena den, kontzertuan ez zegoen halako banaketarik: rockero eta poperoak, denak nahastuta eta armonian ospatu zuten ospatu beharrekoa: hau da, gure euskal rock and rolla.
Honela, emanaldiaren ekuadorrean etorri zen Azken egunak ezin hobeto ilustratzen du hori. Esaidazu (Hain urrun diskoko beste kanta ahaztezin bat) eta Hemen naukazu ezagunek beste pieza berri bati egin zioten lekua: Astiro, oraingoan jendearen kolaborazioarekin. Eta orain bai, jendea guztiz giroan sartuta eta gogotsu zegoela, azken txanpako torpedoak: Kaixo (inoiz egin duten abestirik originaletako bat), Ez gaitu inork geldituko (zaleek asko estimatzen dute) eta Zelatan boteretsua eta legendarioa. Hemen, berriz ere, oso erraz bereizten da publikoa: Urtzek bere bertute heavyak argi erakusten dituenean, rockeroen dantzatzeko moduak besteekiko zerikusirik ez dute! Eta gori gorian, gailurraren gailurrean geundenean erretiratu ziren. Behar den moduan. Noski, oraindik ere atera behar izan zuten. Lau abesti zekartzaten sakelan, guztira ordu eta hiru laurdeneko emanaldia osatzeraino. Boulevardeko erlojua (la noche no quiere venir) aukera ona izan zen. Kuriosoa da abesti hau: zati batzuk gazteleraz daude, Urtzen diskografian –oso oker ez banago– gertatzen den aldi bakarra izanik (Marinero abesti berria kenduta, noski). Gainontzekoan, abesti sakon eta bikaina. Disko berriko azken ordezkaria Lorentzo izan zen, eta amaitzeko, Xoxoak beleari ipurbletz (arrakastatsua!) eta Negua datorrenean, seguru aski taldearen ezagunena, Kaixo eta beste hainbatekin batera. Amaiera ezin hobea, bestalde –agian– errodaje apur bat falta zaion banda aparta honek eman ziona kontzertuari. Urtz itzuli da, eta forma onean gainera. Ikusi behar bira nola garatzen den, eta garai bateko arrakastara hurbiltzeko aukera izaten duten, talde beteranoak eta, batez ere, talde klasikoen itzulerak gogor kritikatu ohi dituen euskal eszena honetan.
SET LISTA
- Marinero
- Txuri beltzean
- Iragana hil baino lehen
- Oh, lur!
- Hautsa astinduz
- Irri bat
- Hain urrun
- Gau ilun
- Baliteke
- Azken eguna
- Esaidazu
- Hemen naukazu
- Astiro
- Kaixo
- Ez gaitu inork geldituko
- Zelatan
- Boulevardeko erlojua (La noche no quiere venir)
- Lorentzo
- Xoxoak beleari ipurbeltz
- Negua datorrenean
Iruzkinak
Utzi iruzkina: