Soa "Suari so"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-07-14 13:20

pyromanya@hotmail.com 1720956363521

(Berria egunkaritik)

                                                  ERRAIETATIK

Hemen dugu, azkenean, Mutrikuko boskotearen lehen diskoa. Bidea nahi baino luzeagoa izan da, abesti asko konposatuta zeuden arren taldeak behar zuen moduko abeslaria topatzea apur bat zaila suertatu baita. Azkenik, Jagoba Urrutia batzearekin batera etorri zen abestiei azken ukituak ematea eta, abenduan, Axular Arizmendirekin Mutrikuko AME estudioan, diskoaren grabaketa. Taldekide bi (Ibon Aginaga gitarra solista eta Aitzol Collazo bateria jolea) Kraussk taldean ere aritu ziren (Aitzol, gainera, Hira taldean ere ibili zen), Aitor Sagarmendi baxu jolea Muzak taldean ere badabil, Jagoba Didar taldeko abeslaria da, eta Jon Joseba Azpiazu Hondar taldeko gitarra jolea ere bada.

Lan honetan ahots guturalak nagusi diren arren, Death Metaletik baino Groove Metaletik gertuago daudela esango genuke, egituren konplexutasuna, soinuaren boterea eta astuntasuna abiadurari gailentzen baitzaizkie gehienetan. Metal bereziki teknikoa dugu, mimo handiz eraikia eta norabide anitzeko egiturak dauzkana. Kantuek arnasa hartzeko tarte asko dauzkate, gainera, eta gitarra riff bortitzekin ukitu akustikoak ere tartekatzen dituzte; ondorioz, gero datorrenaren indarra anplifikatzen duten abaguneak sortzen dituzte han-hemenka. (I)hesi-rekin hasten diren momentutik egurra ematera etorri direla argi geratzen da, gainera. Ahots gutural eta gitarra riff ilunei kontrastea eginez, lehen aipatu ditugun alternatibak sortzen dituzte, horien artean kantu batzuetan sartzen dituzten geldialditxoak.

Groove Metalik erakargarriena kantu borobil zenbaitetan azaleratzen da, bete-beteak baitira Zapalduen matxinada zein Paralisia. Lehenak abiadura dezente dauka, eta bigarrenaren konbinazioek bereziki aberatsa egiten dute. Diskoak bere gailurra lortzen du Lerde pozoia oldarkorrean (riff birrintzaileak eta guturalak nagusi, kantu erdian dakarren erritmo aldatze basatia ahantzi gabe) eta Ase ezin ahalguztidunean: azken honek, gutural zitalez gain, errepika garbi eta erakargarria dakar, baita gupidagabeko abiadura eta gitarra soloa ere. Diskoaren erdi-erdian kokatzen den Enbata instrumentala beste arnasguneetako bat dugu. Indartsua eta gogorra den arren, erritmo eta intentsitate aldaketa anitz dauzka, baita gitarra riffak birrintzeko gogoa eta asmoa ere.

Muturreko adierazpenak ere ez dira falta: Suari so abiadura biziko astakeria gozagarria dugu. Death/Black Metal trazak han-hemenka topatu ditzakegu, baina akaso kantu honetan azaleratzen dira gehien. “Gortuak” asmo antzekoetatik abiatzen da, eta intentsitatea mantentzea lortzen duen arren, aurrerago erritmoa gogo onez trabatzen da, gitarra riff borobila ahantzi gabe. Arnasgunea da, eta basakeria era berean, hori posible bada. Erasoak bere horretan darrai Odolaren hierarkia gogorrean ere: bonbo bikoitza, ahots guturala... baina berriz ere gitarra garbi batzuek eta geldialditxoak kontrastea egiten dute tamaina honetako astakerian. Aparta.

Hitzen gotorlekua outro instrumentala dugu, errezitaldia falta ez duena, baina estra bezala sorpresa harrigarria daukagu zain: Itoiz taldearen Hilzori I hain zuzen ere. Jatorrizko bertsioaren oso fidela dugu, nahiz eta ematen dioten egurra benetan erakargarria den.


Utzi iruzkina: