Izan Bai "Dena galdu baino lehen"

ABIADURA, JOLASA ETA GITARREN TROSTA
Askotariko eraginak dituen diskoa osatu du Metal munduan jada beteranoa den laukoteak: Mendeku Itxuan aritutako Ixak Arruti (proiektu honen bultzatzailea, kantatu eta gitarra jotzeaz gain), talde berean ibili zen Martin Larrañaga bateria jolea, Ibon Aginaga (bigarren gitarra, Kraussk eta Soa taldeetako partaidea) eta Urtzi Olaziregi baxu jolea (Kudai, Hira) dira diskoari hauspoa eman dioten lau partaideak.
Egia esan, kontraste handia dago melodien garbitasunean eta gitarrek hainbat kantuetan daukaten zikintasunaren artean, eta horrek puntuak ematen dizkie. Ahotsak garbiak dira beraz, baina kantu batzuen garapenak eta gogortasunak Thrash Metalera hurreratzen ditu. Megadethen estilora eraikitako egiturak estimulagarriak dira oso, adibidez Barne borroka, Izan Bai edo Heriotza minez kantuetan. Hiru minutu pasatxotan abestia eraiki eta gero, zenbaitetan beste hainbeste iraungo duen jolasteko ordua dator, eta gitarra bikiak zein solo frenetikoek aparteko abiada eta boterea ematen diete kantuei. Baladistikoagoa da itxuraz Damuaren dama, nahiz eta berriz ere azken hiru minutuak orgia hutsa diren: sekula aspertzen ez duten gitarren zirimolak, base erritmikoaren zehaztasuna... eta ahotsaren leuntasuna berriz ere kontrapuntua egiten. Aparta.
Sustraiak egarri ere Dave Mustaineren jarraitzaileen gustukoa izango delakoan gaude, gitarren erabilera eta soinuaren gogortasunagatik bada ere. Ahotsak ere nota altuak erraz hartzen ditu, horregatik (eta doinuen gantxoagatik) Metal melodikoa lantzen dutela ere esan genezake, Power Metal ukitu batzuk barne. Kantu honen zikintasuna ere bereziki gomendagarria da, instrumentuei dagokionez bederen. Abiadura eta kemena erakusten dutenean momenturik onenak lortzen dituzte, bide batez. Gorago aipatu Barne borroka-ren amaiera Iron Maiden-en estilo epikora egina dago eta Su Ta Garren motozerra erakusten dute Onarpen eske-n, Metallicaren basikotasuna alde batera utzi gabe.
Erdi baladistikoa da Dudan dena zugatik, batez ere hitzengatik, baina erdialdean sartzen duten gitarra soloak bere proiekzioa biderkatu egiten du. Nota altuen harrapatzea ere oso eroso egiten du Ixakek Sutan nago kantuan. Eta diskoa ixteko, lanari izena ematen dion Dena galdu baino lehen, besteekin alderatuta akaso apur bat geldoa, nahiz eta epilogo bezala bere funtzioa betetzen duen. Finean, batzuetan Power Metala, zenbaitetan Melodic Metala eta, zati insturumentalen garaipen totalean, Thrash Metal teknikoa eta frenetikoa lantzen dituzte gehienbat. Urtz taldearen melodiak (ados, batzuetan bakarrik), Su Ta Garren trosta, Megadethen zurrunbiloak eta Metalaren barruan eragin ezberdinak laburbiltzen dituzte lehen disko honetan. Gitarren zilipurdiak eta bateria/baxuaren segurtasunak markatutako kantuak dira, orokorrean, eragin melodiko markatuaz aparte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: