Potemkin + Kuartz Portuko Ranpi (Ondarroa) 2022-12-2
Kartel bikoitz zinez interesgarriak topatu ditugu azkenaldian, prezio onean gainera. Merkeegi agian? Baliteke, baina esan bezala kartel bikoitz (edo hirukoitz) horiek oso egokiak izaten dira talde berriak deskubritzeko edo lehen aldiz oholtza gainean ikusteko. Gauzak horrela, azkenik Nafarroa Behereako Kuartz bikotea lehen aldiz ikusi genuen zuzenean. Bazen garaia. Duela urte gutxi izan genuen Bastidako Hard Rock taldearen berri lehen aldiz. Bere bi diskoetaz biziki gozatu dugu, baina abenduko ostiral arrats hartara arte zuzenean sekula ikusi gabeak ginen.
Lehen aldia genuen Portuko Ranpin ere. Bertara sartutakoan inpresio handia egin zigun bere espazio handiak, areto eta gelatxo ezberdinek eta dekorazio zaindu eta ametsezkoak. Batetik, mimo handiz zaindutako gaztetxe bat baitirudi: argiztapen iradokitzaile eta atsegina (ez iluna ezta oso argitsua ere), bertaratutakoari harrera abegitsua eta konfidantzazkoa ematen diona. Bestetik, leku bereziki rockzalea dugu. Horregatik Londoneko rock club bat bezain autentikoa dirudi. Posterrak, prentsan azaldutako berriak, apaingarri hainbat... Honela, Portuko Ranpin sartzen denak Led Zeppelinen artikulu bat irakur dezake lasai-lasai txisa egiten ari den bitartean. Lekuaren espazio handia konpartimedu zenbaitetan banatua dagoenez, kontzertua egiten den lekua bera ez da bereziki handia, egia da. Baina soinu aldetik eskaintzen duen kalitate harrigarria hainbat antzokirenarekin konparatuz gero nabarmenki garaile irteten da. Orain, deskribapen subjetibo honekin amaituta, goazen kontzertuaren kontakizunarekin.
Hiru ordu laurdeneko emanaldian, iparraldekoek batez ere “II” (hau da, azken diskoari) errepasu polita eman zioten, lan hartako zazpi pieza interpretatu baitzituzten. Lehen diskotik (“Kuartz”, 2018) zoritxarrez hiru besterik ez zituzten jo, baina neurri batean aukeraketa logikoa izan zen bigarren lanaren maila kontuan hartzen badugu. Oihan Delavigne (bateria) eta Ibes Mongaburek (gitarra) osatzen duten bikoak hainbat betebehar zituen emanaldia hasi ahala: lehena, jaialdiari hasiera emateak dakarren zailtasuna edo erronka. Bigarrena, baxuaren falta betetzea.
Oholtzaren iluntasuna nabarmentzekoa zen arren, laster konturatu ginen zeinen ondo diseinatuta zegoen dena. Tramankulu kurioso bat atzekaldean, argiztapen limurtzailea leku gutxi batzuetan eta efektu bisual oso kuriosoak emanaldiaren hainbat momentuetan. Lehen egindako galderari erantzunez, bi partaideko talde zenbaitek gitarraren afinazioa jeistearekin eta atabalen sonoritate grabeagoak erabiltzearekin bilatu dute soluzioa. Stoner Rock estiloan guztiz sartuta edo gutxienez antzeko parametroetan dabiltzan taldeak izan ohi dira (Tutan Come On, Niña Coyote eta Chico Tornado...).
Kuartz neurri batean desertuko rockean murgiltzen den taldea dugu, Fuzz pedalaren erabilerak, soinuaren sakontasun eta botereak eta riff markatuek koordenada horietan kokatzen baitituzte. “Sortu arindu”rekin ekin zioten, oraindik publikoa apur bat hotz zelarik egia da, baina “Dena erretzen”, taldearen adierazgarrienetakoa, laster etorri zen tenperatura igotzera. Gitarrek eta akaso bateriak ere sinpletasuna bilatzen dute eraginkortasunaren izenean. Horrela ulertu daiteke agian “Sirenak” bezalako kantuen boterea. Eta “Parentesiak” aipatu behar badugu, agian beraien kanturik onenaren aurrean gaudela esan beharko genuke: tentsioa mantentzeko abilezia eta desertuko akorde eta pultsazioen erabilera soilik momentu puntual batzuetan lehertzen baitira nahita bilatutako efektuan.
Lehen diskoari erreparatu zioten azkenik “Sartu” seminalaren eskutik. Kantu honetan Kuartzen ezaugarri primitiboenetaz goza dezakegu. Finean, bikotearen soinuaren deskribapen fidela dugu. Eta bai, dantzagarria da guztiz. Erritmoak berak eramatzen baitzaitu rock pisutsua dantzatu ezin dela diotenen kalterako. “Etxeko zakurra” ere molde beretsuan kokatu beharko genuke, baita “Energia” ere, akaso bere lehergarritasunagatik beste guztien gainetik dagoena. Ordurako ikuslegoaren zati bat guztiz kontzertuan sartuta zegoen, beste zati batek kuriositate gero eta intentsuago batez begiratzen zuen bitartean.
Atzera lehen diskora buelta “Suntsitu” eta “Bixkotx” kantuen eskutik. Lehenengoa Hard Rock elegantea eta aski mozkorgarria, Fuzz pedala eta ahots urratuaren erabilera psikotropikoduna bigarrena. “Haltzazko totema”rekin esan ziguten agur, baina beste edozein ere izan zitekeen. Kantu honen erritmo biziarekin amaitu zen oso motza egin zitzaigun kontzertua. Iparraldeko bikoteak gauza asko dauka esateko, bistan da. Horregatik lan berria laster etorriko denaren esperantza daukagu.
Kartel buruen txanda iritsi zen jarraian. Bonberenean ikusi genuena eta gero, Potemkin berriz ikustea nahitaezkoa zen, batez ere itzulera motz honen azken aurreko kontzertua zelako. Antza denez, kontzertu gutxi batzuetarako elkartu dira eta hau irakurtzen duzuenerako, etorri bezain laster erretiratuak izango dira. Hamarkada bat baino gehiagoko geldialdiak eduki duen epilogo moduko bat izan dela esan genezake. Hori bai, baliteke inoiz egin dituzten kontzerturik onenak hauexek izatea. Bere garaian ikusi genituen eta esperientzia pizgarria izan zen. Aldatu dena agian azken urte guzi hauetan hartu duten esperientzia da: hala nola Bizarro, Letagin, Lenao, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Keia eta abar direla eta. Portuko Ranpin ikusitakoa, eta hori da garrantzitsuena, teknika zehatz eta eraginkorraz gain aparteko eztanda musikala izan baitzen.
Taldearen energia eta gogoa benetan kutsakorrak izan baitziren kontzertua “Borrockatu ezazu”rekin hasi eta “R’N’Rolla eta zu” jada klasikoarekin amaitu zuten arte. Lehen diskoari errepasu zabala eman zioten zortzi piezekin eta bigarren laneko lau bakarrik jo zituzten. “Gure irratia, zure rock and rolla” (2005) lan kolektibo hartan grabatutako “Kotoizko itsasoa” eta bi bertsiok osatu zuten ordu eta hogei minutu iraun zuen kontzertua. Aipatu dugun “Borrockatu” kantarekin eztanda egin ondoren bigarren laneko lau kantak jo zituzten jarraian: “Mugak apurtzera”, “Suge dantza”, “Gauaren zaindariak” eta “Berreskuratu”, tartean “Itzal ilun” zela.
Han sortutako giroa zein adrenalina deigarriak izan ziren. Boskote formatuan egin zituzten kantu guzti hauek, bigarren diskoa grabatu zuen partaideekin beraz: Aixibar Urteaga (ahotsa), Iker Martinez de Zuazo (gitarra) eta Iban Idigoras (bateria), hirurak ere jatorrizko partaideak. Baxuan Alexis Alonso eta bigarren gitarran Mikel Fernandez. Gero (zazpigarren kantuan) Bonberenean bezala, Joxemari Azpitarte partaide ohia igo zen oholtzara, oker ez bagaude baxuaren ordez gitarra hartuta.
Lehen diskoko kantuetara itzuli zirenean gertatu zen leherketa handiena seguru aski, amaierara arte itzaliko ez zena: “Infernuan”, “Kotoizko itsasoa” (hau, lehen aipatu dugun moduan, ez zen lehen diskoan sartu”), “Gauza txikiak”, “Arriskutsua zinen” eta “Lehertu”. Guztietan high energy eskandinabiarra nabaritu genezakeen: punkaren abiadura, Hard estiloko gitarra riff zertzeladak eta oihuka kantatzeko moduko errepika andana. Iban Idigorasek atabalak eta platerak gaztigatzeko duen moduak ez dio erritmoa metronomo baten moduan jotzea eragozten. Gozatzen ikusi genituen bai bera zein beste partaideak, soilik benetako pasioak eman dezakeen bultzada geldiezinak aupatuta egin ere.
Aixibar abeslariarena ere ikusgarria da, front man kontzeptua barneratu eta anplifikatzen duten lider natural horietakoa baita. Ez da erraza era hain seguruan moldatzen diren frontmanak gurean ikustea: ikuslegoarekin duen komunikazioa, oholtza sutan jartzeko duen ahalmena, bere ahotsa eta azkenik kantuaren muinan buru belarri aritzeko nahia ohiz kanpokoak dira. Bere mugimendu eta dantzek koreografia bat sortzen baitute animalezko abiaduran doan bandaren olatuaren gainean. Bizarro taldean gitarra eskuan duela kantatzen du (ikus hemen kronika https://www.badok.eus/musika/bizarro-durango-2020-12-04/ ) eta instrumenturik gabe ikustean sortzen duen inpaktua berebizikoa da inondik ere.
Hellacoptersen “Soulseller” guzti horren adierazgarria izan zen. Gitarra joleek punteoei txispak ateratzen zizkieten eta banda osoak aski segur suediarrek beraiek baino ostia txarra gehiagorekin exekutatu zuen (Hellacoptersen kontzertu zenbait ikusi ditut eta badakit zertaz ari naizen). Ikuslegoaren zati bat, lehen lerroetan zegoena hain zuzen, pogoa aspaldi egiten hasia zen. Altuera txikiko oholtzan hanka jarri eta atzerako jauzi basatiak ere ez ziren falta izan, ohi bezala, inori minik emateko intentziorik gabe ere. Eskergarria izan zen, baita ere, gure buruen gainetik edari hegalaririk ia ez sentitzea.
“Joku trukatua” asko gustatu zitzaigun eta espero genuen adrenalina deskarga eman zigun. Hurrengo kantuari buruz... Kiss taldearen “Rock and roll all night” asko atsegin dugun arren, Potemkinek bertsio gehiago jotzeko inolako beharrik ez zuela uste dugu. Hellacoptersenak gehiago bat egiten du taldearen izpirituarekin, noski, baina Kissen bertsioari egurra eman ziotela ere egia da eta arrakasta izan zuen, batez ere errepikaren momentuetan. Nola ez, oraindik “R’N’Rolla eta zu” falta zen. Emanaldia amaitzeko modu egokia: Iker eta Mikel gitarra joleak lurrean makurtuta zirela, Alexis baxu jolea ia lurrean etzanda eta instrumentua airean zuela eta Iban Idigoras danbor eta txapak bortizki kolpatzen ari zela.
Hauxe da amaiera: Oñatin azken kontzertu bat jo zutela uste dugu eta hortik aurrera... abenturaren amaiera. Taldekide zenbait hamaika proiektutan ikusten jarraituko dugunaren kontsolamendua geratzen zaigu. Azkenik, Portuko Ranpi ezagutzen ez duzuenoi zin-zinez gomendatzen dizuet bertaratzea, lehen aipatu ditudan ezaugarri guztiak direla-eta ez baitzaizue damutuko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: