Kuartz "III" (Bonberenea Ekintzak)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2025-01-01 13:58

pyromanya@hotmail.com 1735736647649

                            STONERRETIK HARATAGO, MELODIEN ERREINUAN

Ez dugu inor izutu nahi; hobeto esanda, ez dugu Kuartz taldearen edo Stoner Rock musikaren jarraitzailerik uxatu nahi, baina hirugarren disko honek aldaketa nahiko nabarmenak dakartzala aurreratu behar dizuegu. Gauzak horrela, eta stoner manerak desagertu ez diren arren, forma ezberdineko egitura asko txertatu dituzte kantu berri hainbatetan, nahiz eta, zorionez, bidean Kuartz-en nortasuna galdu ez den. Orain arte, desertuko akordeak eta erritmoak Behe Nafarroako bikotearen osagai garrantzitsua baziren, oraingoan batzuetan desagertu egin dira edo edukiontzi forma hartu dute. Beraz, nortasun hori guztiz galdu gabe ere, aurreko diskoko atmosfera iradokitzaileetan sakondu dute, bai, baina kantu askoren izpiritu nagusia guztiz aldatu da.

Honela, eta zaleon zorionerako, Alta desertikoarekin hasten dute diskoa. Teklatu momentutxo batzuk dauzkan arren, gure betiko Kuartz-en soinua dugu hau: ez gogorregia, baina guztiz stonerra eta era berean nabarmenki melodikoa. Titanic-aren sindromea, aldiz, bete-beteko sorpresa da, indartsu hasten den arren, errepikako melodiak eta koruen fintasunak eskema guztiak apurtzen baitizkigute, nahiz eta berriz ere nola edo hala stonerraren edukiontzian integratzen den. Harulia ere joku horretan sartzen da, indar gehiagorekin bada ere ahots oso leuna eta melodikoa daukalako. Bukaerako birgogortzeak jatorrizko jarraitzaileen komunitatea bateratzeko funtzioa betetzen du, ordea, berriro ere. Harribeltzezko erregina-rekin ere doinu leuna nagusitzen da errepikan, baina stoner nahiko garbia dugu, Lehen eguna bihar da-rekin gertatzen denaren antzera.

Sorpresetaz hitz egin behar badugu, badugu beste bat, eta ez nolanahikoa: Goian bego balada moduko ariketa lisergikoa dugu, ondoren datorren gitarra boteretsuak sentiberatasunik kentzen ez diona. Gainera, koruen goxotasuna harrigarria ere bada, taldearen soinu berriaren adierazle ebidentea. Kantu dantzagarriak elegentziaz beztitzen abilak, disko honek ere badauka halakorik: Omenaldi xuria eta batez ere Odolak su gabe diraki geldoagoa eta riff tematiagoaren jabe dena. Ez da inoiz Kuartz stoner eszenako talde gogorrenen artean sartu, baina FOMO deigarria da bere abiadura eta indarragatik, Stoner Rocketik baino Willis Drummondetik gertuago dagoen arren.

Eta lan berezi honi azken barniz dotorea emateko, Galeraren aingura balada ederra, Fu Manchuren azken diskoko azken kantaren (What I Need) lehengusu psikodelikoa. Teklatu pintzelada batzuk badauzka han-hemenka, akaso Eñaut Gaztañaga ekoizlearen eraginpean gauzatu dena. Kuartzek, etiketen gainetik, nortasun agiri propioa daukala ere garbi geratzen da, baina era berean eboluzioa nabari da eta bide berri baten hasiera bat izan liteke. Nork daki? Goza dezagun, momentuz, lan berezi eta poperoago honekin.


Utzi iruzkina: