Pelax "Esan gabe doa" (Balio dute)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-02-29 21:04

pyromanya@hotmail.com 1709237330162

                                      ZURRUNBILO ASKE BAINA NEURTUA

Esan gabe doa baimenik eskatu gabe egin duela disko hau Unai Pelayo Donostiarrak. Uste dut, gainera, inoiz ez duela moldeetatik ateratzeko eta nahi duen hori egiteko baimenik eskatu. Hala bada, proposamen bereziak egiten dituela barneratuta daukagun arren, betiko sorpresa faktorea da agian gehien engantxatzen gaituena. Ados, progresiboaren mugetan jostatuko zuela espero genezakeen, baina oraingoan math rock zurrunbiloetan biziki murgildu da, erritmo sorginduak landu ditu eta arau erritmiko/harmoniko/estrukturalei ez die jaramon gehiegirik egin.

Lan hau musikalki oso gogorra da, erasokorra eta pizgarria alde guztietatik. Ez dugu egitura batzuen normaltasuna ukatuko, errepika batzuk ere bai baitaude han eta hemen, baina rock estandarretatik haratago doan lana dugu. Rock progresiboaren sortzeko anbizioa guztiz alde batera utzi ez badu ere, disko honi konplexutasuna erritmoek ematen diote. Bapatekoagoa da, bolumen altuagokoa eta kontzertuetarako ideala. Kantu guztiak zenbakiak daramatzate izen modura, 0tik hasi eta 7ra arte: guztira zortzi kantu eta 33 minutu dira. Oso azkar pasatzen dira, bidaia berebizikoa eta lotsagabea baita.

“0” hasten den momentutik ohartuko gara gorago aipatu hainbat faktoreez. Erritmo trabatua, errukirik gabeko dezibelio festa eta... zati melodiko txiki bat! Jostatzeko gogoak hor darrai “1” kantuan ere, hau geldoagoa den arren. Deskantsua emateko agian. “2” eta bere erritmo binarioak gainetik gitarra melodia agudoa darama, eta erditik aurrera biziagoa da. “3”, aldiz, deskribaezinezko sentsazioen pilaketa da. Erritmoaren konplexutasunak, berriro ere, ez dio inondik inora intentsitaterik kentzen, eta sorpresen zerrendak badauka bere aztikeria hemen ere: erritmo aldaketak, geldialditxoa, azelerazioa... bariazio guzti hauek, entzulea aspertu beharrean, euforia antzeko zerbait sor dezakete, izugarria baita kantuak hartzen duen erritmoa eta gitarrez osatutako kapen erabilera. The Mars Voltaren kontzertu bat imaginatu genezake momentu batzuetan. Akaso, Pelaxen historiako kanturik onena da.

Gisa honetako disko bat koordinatzeak lan handia dauka, zer esanik ez “4” bezalako kantu batean. Makina batek grabatua dirudi. Soinu pilaketa bat bezala da; gauza guztiek (bere kasa joan beharrean) bat egiteko duten moduak ere math rock azpigeneroaren zaleak maiteminduko ditu, bai horixe. Kantu aparta. “5 lore” kantua da, antza, disko honetan Telmo Trenorren kolaborazio bakarra. Kredituetan, behintzat, hala dio. Imaginatu dezakezue sanpler eta sintetizadoreekin egin dituenak. Giro horrek, gainera, harrigarriki bat egiten du Pelaxen unibertsoarekin.

Lan honek bertsio bat dauka, Mal de Ojo taldearen “6” hain zuzen ere. Izen hori jarri dio Pelaxek behintzat. Distortsioa eta ondo landutako dramatismoa nagusi dira hemen, baina era berean poliki doa bere erritmoan, aurreko kantuekin kontrastea egiteko edo. Lan borobil honi amaiera “7” trosta motz eta bizikoak ematen dio. Iritziak iritzi, hau Pelaxen diskorik onenetakoa da, onena ez bada.


Utzi iruzkina: