NAPOKA IRIA 2011ko iraila, lehen elkarrizketa

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-01-07 17:18
1 2

pyromanya@hotmail.com 1641572794463

JOLASTEN, SORTZEN...

(Elkarrizketa hau 2011ko urriako MOndo Sonoro aldizkarian argitaratu zen)

Zer izango da maitemintzen gaituena, zer barre eta negar egin araziko diguna? Zer ote, bizitzeko behar horretan, kuadro bat, filme bat, disko konkretu bat aukeratzera eramaten gaituena? Galdera hauei erantzuna ematea arrunt zaila izango litzateke, baina Napoka Iriaren azken diskoa entzuteak arestian aipatu sentimendu guztiak laburbiltzen ditu.

Sinpletasunaren boterea. Minimalismoaren konplexutasuna. Bi gitarra eta ahots batek sortu dezaketen atmosfera hipnotikoa, uneoro askatasun sentsazioa transmititzen duten konposizio sutsu eta ederrekin, behin murgildu ezkero harrapatuta gelditzeko beldurrez utziko du entzulea. Mirenen ahots eztia eta Anderren gitarra medio, “Berotzeko”, “Lurra idor” hunkigarria edo “Poorstraat 58”entzutean ez dago atzera bueltatzerik. Mugaz bestaldeko biztanlea bihurtzen zara.

"Nik uste dut musikak ez duela inongo mugarik. Mugarik egotekotan guk geuk ipintzen dizkiogu, aurrez; buruan ditugun ideien arabera osatzen ditugu kantuak. Talde asko hasieratik arrakastaren bila doazen bitartean, ez dirudi eibartarrei inork norabidea markatuko dienik. “Momentuan momentukoa bizitzea izan da guk oraindaino egin duguna. Poliki baina geratu gabe, konturatzerako badaramatzagu sei-zazpi urte jo eta jo. Eta oso pozik gaude; badirudi gauzak ondo egiten ari garela eta esango nuke orain ere inora heltzeko presarik ez dugula.” Formatu akustikoa biziki gogoko izan arren, tentatzen ote ditu atzean banda bat eta formatu elektrikoan edukitzeak? "Orain arte beti defendatu izan dugu gure formazioa, bi gitarra eta ahotsaz osatua. Baina, noski, talde handiago bat osatzeko tentazioa beti hor dago eta dagoeneko hasiak gara beste proiektu batzuetan pentsatzen. Hala ere, denbora batean azken disko hau aurkezten ariko gara. Aurrerago ikusiko dugu zer ateratzen den, ateak zabalik ditugu”.

Japoniara egin zuten bidaia hartaz galdetu diogu Mireni: "2008ko Abenduan izan ginen han. Bi astetan sei kontzertu eskaini genituen eta denak izan ziren oso bereziak. Jendeagatik, lekuagatik... Dena amankomunean genituen lagun batzuei esker egin ahal izan genuen”. Euskal Herritik kanpo, Katalunyan harrera ona izan dute, hizkuntzaren mugak existitzen ez direla frogatuz. “Musikari beharrean hizkuntzari begiratzen diona oker dabil gero... Garrantzitsuena musikak iradokitzen dizuna da, eta hizkuntzaren aitzakia, beste bataila batzuk borrokatzeko erabiltzea oso zatarra da.”

Kontzertuetan nola gozatzen duten ikusita, huraxe izan ote da diskoa zuzenean grabatzearen arrazoia? “Taulagainera igo eta jendaurrean jo izan duen edonork, pentsatzen dut nik, gozatu egiten duela. Guk estudioan baino denbora gehiago egin dugu oholtza gainean eta jakin ere ez dakigu zenbat kontzertu eman ditugun urte hauetan, baina asko izan dira. Bestalde, estudioan sartu izan garenean, zuzeneko baten modura grabatu izan dugu, biok aldi berean jo eta abestuz. Horregatik lehen disko luze honen grabazioa egiteko, estudioa Bergarako Zabalotegira egokitu genuen eta gero jendea grabazioa ikustera eta bertan parte hartzera gonbidatu”.

Orain diskoa aurkezten ipiniko dute atentzio guztia. “Gogotsu gaude, diskoa harrera ona izaten ari delako”. “Poorstraar 58”, taldearen abestirik onenetako baten bideoklipa egin berri dute. “David Zabalak grabatu zigun eta, egia esan, aluzinatu egin genuen emaitzarekin; geure burua interpretatzen ikustea, geure kantu baten gainean pixkat arraroa egiten da hasieran. Baina horrelako klip politt batek bertigo guztiak ahaztarazten dizkizu”.

Zeintzuk ote dira, bide batez, taldearen influentzia musikalak? “Danetik entzuten dugu, nazioartekoak (gehienetan AEB-tako musika) zein euskaldunak. Eta etxean, sinestezina da egunero aurkitzen diren taldeak, kristoneko ugaritasuna dugu Euskal Herrian eta kalitate handiko taldeak daude.” Eta horren adibide onenetako bat Napoka Iria duzue. Euskal musikagintzaren azken altxorretako bat. Hemen eta orain, talde honen musikan ez murgiltzea galera handia izango litzateke.

introbertsioa@gmail.com 1641464332745

2022-01-08 14:30 #1

Aspalditxo da ez nuela diska hau entzuten. Zenbat buelta eman nion bai etxeko txokoan, bai autoan. Bide askotatik eramaten zaituzten kantak dira. Nire gustukoena, "Erantzun". Dena den, atrebentziaz, eta homofoniaz, eta abar, "Inpro 1" sartu dut nire aurreneko sarreran.

Bide batez, ez dut Sarean aurkitu "Poortstraat 58" kantaren bideoklipa. Ba al dago, nonbait? Momentuz, kanta entzun bitartean, girotzeko, Google-mapsen helbide hori bilatu, Utrecht hirian aurkitu, eta hor bueltaka ibili naiz, nire bertsio bat imajinatzen.

fucktotum 1576347124074

2022-01-12 22:30 #2

Kaixo:

Eskerrik asko zure iruzkinagatik. Ez dakit zergatik jarri nuen "Poorstraat 58"k bideoklipa zuela. Duela hamar urteko artikulua da, eta nik ere ez dut topatzen youtuben.

Oso hitz politak dira zureak. Ez nekien "Poorstraat 58" kale baten izena eta zenbakia zirenik. Oraintxe noa Googlen sartzera!

Ez dakit nor zaren, baina eskerrik asko zure iruzkinagatik.

Besarkada bat.


Utzi iruzkina: