Nabil "Margolana"
Mitosia, Ekon edota Txapelpunk taldeetan ibilitako Unai Egia lekeitiarrak zazpigarren lana argitaratu du Nabil proiektuarekin. Gauzak aldatu egin dira, ordea: azken garaietan bakarka eman dituen emanaldiei jarraiki, ahotsa eta instrumentu guztiak berak grabatu ditu. Bost kantu hauetan erakutsi duen heldutasunak, gainera, berea bide sendoa eta zuzena dela baieztatzen dute. Pop-rock dotorea eta melodikoa da nagusi hemen, alternatibo kutsu batekin, Ardura duten gauzak goxoak frogatzen duen moduan. Balada kutsuko piezak ere badaude, Ikusezinak (gitarra solo leun eta atsegina daukana) adibidez. Baina gitarraren kutsu amerikarrak sakontasuna ematen dio Etxaldea bezalako piezei, slide-a dela medio. Margolana bera sobera aberatsa da, eta abesti borobilak nahi izanez gero, Joan zirela melodikoki perfektua daukagu, Rafa Ruedaren tradiziorik onenean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: