Megadeth "Megadeth" (Blkiiblk Records)

Megadeth "Megadeth" (Blkiiblk Records) Fucktotum | 2026-08-14 13:44

Megadeth "Megadeth" (Blkiiblk Records)

                                                 HERAILTZEKO MAKINA

Dave Mustainek hartu duen erabakia benetakoa bada, hau de bere taldearen azken diskoa eta azken bira. Taldearen jarraitzaileek Maiatzaren 29an Barakaldoko BEC-en izango dute, beraz, azken agurra emateko aukera. Mustainek egurra eman dio azken diskoko kantuei, eta entzulea kolpatu du kantu Tipping point kantutik hasi eta amaieraraino. Izan ere, burmuina txikitzen ez duen Megadethen disko bat ez baita taldearen klasikoen artean sartzeko modukoa. Thrash Metala, abiadura eta teknika dira Megadethen estiloa definitzen duten osagaiak, eta alderdi hori ondo ordezkatuta dago azken disko honetan.

Aipatu dugun kantuak eragin guzti horiek barneratzen ditu, punteo zitalak ahaztu gabe, noski. I don’t care-en solo motz eta zorroztuak (asko, gainera) errepika tematia daukate bidelagun, eta Hey God?! geldoagoa da, eta poliki garatzen dena errepika benetan berezia dauka. Eskema oraindik erasokorragoa dakarkigu Let there be shred hiltzaileak. Solo luzeagoa dauka eta bi gitarren artean sortzen duten soinua bereziki teknikoa eta eraginkorra da. Itzela. Ondoren, abiadura pixka bat jeisten dute Puppet parade eta Another bad day kantuekin. Lehenengoaren Hard Rock sonoritatea eta bigarrenaren soloa nabarmenduko genituzke, betiere konplexutasun puntu bat mantentzen dutela argi esan behar badugu ere.

Made to kill-en bateriarekin egindako sarrera diskoko momenturik onenetakoa da, eta gogorra bezain gaiztoa da bere osotasunean, bi gitarren artean eragindako triskantza nagusitzen baita era oso zigortzailean. Obey the call itxurazko lasaitasunean garatzen da, baina Megadethen norabide aldaketa tipikoen modura, azken minutu eta gehiagotan eztanda egiten du, gupidarik gabeko gitarra eta erritmo izorratzailaren poderioz. I am war giroa lasaitzera dator, txukuna den arren, eta akaso Hard Rock ukitu bat eduki ere, badaukan. The last note-k gitarra joko polita dauka, eta diskoa amaitzeko modu aproposa da inondik ere.

Aldiz, berea den baina lehenago Metallicak grabatu zuen Ride the lighting klasikoa sartu du bonus track moduan. Ez zuen inolako beharrik horretarako eta erabaki okerra dela uste dugu, batez ere bere aurreko bandaren bertsioa hobetzen ez duelako. Egia da bere ukitu pertsonala sartu diola, baina ez du Mechanix-ekin Metallicaren The four horsemen kantuari eman zion erreplika gainditzen.

Dena den, disko borobila da eta Megadeth zaleak asebeteko dituelakoan gaude. Teknika, gitarren trosta, soloen kalitatea eta konplexutasuna, Daveren ahots arraspatua eta erritmo sekzio brutalak lan borobila osatu dute. Azken hogei urteetako Megadethen diskorik onenen (United Abominations edota Dystopia) maila berdintzea lortu duela esan genezake. Betiere, eta esan gabe doa, Peace Sells eta Rust In Peace gaindiezinak direla argi utzi behar badugu ere.


Utzi iruzkina: