Satxa Soriazu "The Megadeth Project: Rust in Peace"
IN A METAL MOOD: JAZZ METAL-EROA
Metalzaleok: hamaika ikusteko jaioak gara. Estiloen arteko fusioak, nolabaiteko berritasuna dakarten esperientzia/esperimentuak, ausardiaz betetako lan arriskatuak... denetik entzuna dugu. Bada, guztiak betetzen ditu Satxak aurten argitaratu duen artefaktu honek: 1990ean Thrash Metalaren gailurra izan zen Megadethen “Rust in Peace” mitikoa goitik behera bertsionatu baitu... Jazz estiloan! Sorpresa faktorea on.
Thrash Metal teknikoa da Megadeth-ena, eta beraien ibilbideko gailurra (teknika, exekuzio, konplexutasun eta gogortasunagatik) “Rust in Peace”. Dave Mustaineren jarraitzaileontzako berri ona eta aztoratzailea izan da, beraz, lan hau. Goitik beherako errepasu honetan, kantuen ordena ia bere osotasunean errespetatu ditu Satxak. Soilik seigarren kanta (“Lucretia”) hirugarren postura pasa du “Take no prisoners”-en ordez, eta alderantziz.
Gainera, kantuen zirimolei, erritmo eroei, gitarra riff gurutzatu, metatu eta zentrifugatzaileei ihes egin beharrean, hauen muinean sartu da buru belarri. Entzuleak harridura sentituko du; eta ez da gutxiagorako. What the fuck? Ze demontre da hau... Konparazio bat egitekotan, sentitzen dugun euforia 1997an Pat Boone amerikar croonerrak Heavy Metal bertsioekin argitaratu zuen “In a Metal Mood: No More Mr. Nice Guy” diskoarekin sentitutakoaren parekoa da. Boone gatzgabeak, baina, Jazz/Big Band estilora ekarri zituen hainbat klasiko. Beraz, bi kasuak ezberdinak diren arren antzeko WTF bat darabilgu buruan.
Abestiak luzatu ditu, 40 minutuko diskoa ordu betetik gorakoa bihurtuaz. Gitarra, kontrabaxua, bateria eta pianoa. Has dadila festa. “Holy wars...the punishment due”-n jatorrizkoaren konplexutasun eta barrokismoari ihes egin gabe, kantuaren muinean sartu eta klabe jazzistikora ekarri ditu Mingot (gitarra), Kike Arza (kontrabaxua) eta Dani Lizarragarekin (bateria) batera. “Hangar 18”-en berriro frogatzen du jatorrizko egiturei beldurrik ez diela eta bere terrenora eramaten ditu, berriro ere nortasun propioa txertatuaz. Kontrabaxuaren minimalismoa pianoaren bizitasunarekin fusionatzen da, eta kantaren klimaxean Satxaren behatzen abiadurak harritu gaitu.
“Lucretia”-ren melodia zoragarri horri ere probetxua atera dio 9 minututik gorako akelarrean. Intentsitate jokoak eta eztanda hilgarriak ez dira falta “Poison was the cure” edo “Take no prisoners” estimulagarrietan. Black Sabbathen “Fx”-en antzerako nota misteriotsu batzuek gero leherketa gozagarria dakarte. Crescendoa, kantuaren momentu klabea, ezin hobeki atera dute aurrera: pianoa errege, bateriaren botereak zer ikusi handia dauka kantuaren amaiera apoteosikoarekin.
“Rust in Peace: Polaris”, grand finalle-a (diskoaren gailurra) kudeatzeko modua erabakiorra suertatu da, haren basakeria islatzea lortu baitute. Gitarrak berak ere jatorrizkoaren hainbat traza lantzen ditu, baina orokorrean kantua Jazz Fusion estiloaren barruan eztanda bat da, eta “Holy wars”-en ez bezala, minutu bat irauten duen azken traka hiltzailea da guztiz. Amaiera zitala eta disko benetan harrigarria.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: