Maialen "Animus Anima"
Zortzi urte itxaron behar izan dugu “Biluzik” apartaren jarraipena entzuteko. Orain arteko hiru diskoak eta MMX (Maialen, Mixu eta Xabaltx) egitasmoarena Agorila diskoetxearekin argitaratu ostean, autoekoizpenera jo du lehen aldiz Arrosako (Nafarroa Beherea) kantariak. Lan guztietan erakutsi duen ausardia eta bide propioa lantzeko nahia miresten dutenak harro egoteko moduko lana dugu hauxe. Bere unibertsoan dena baita posible: euskal kanta eta popa; folka eta soula; Jazza, rocka eta gospel zertzeladak.
Aski segur eta guztiaren gainetik, bere ahots zoragarria aipatu behar dugu: teknika aldetik oparoa izateaz gain tinbre anitzen jabea baita. Nortasun oso markatuko jario hori txikitatik landua du. 1983an jaioa, 7 urterekin Ezpeletako haur abesbatzan hasi zen, zeinarekin hainbat lehiaketa irabazi zituen, baita 2000.ean bakarkakoa ere. 2001ean “Emazteak kantuz” proiektuan parte hartu zuen eta 2004an iritsi zen bere lehen lana, “Nere mundua”, non jada bere ibilbidean ohikoak izango ziren klabeak azaleratu zituen. Bakarkako ibilbideaz gain, lehen aipatu dugun MMX eta Briganthya taldeak ere gogora ekarri behar ditugu.
Lan berri honen boterea “Oinetatik bururaino” indartsu eta aurrerakoitik nabari da. Ahotsaren indarra eta musikaren erasoaldi bortitzen olatuetan aisa murgilduko gaitu Errotabeherek, bukaeran rock burrunban murgiltzeraino. Badauka lan honek balada zoragarri bat, “Boladak”, pianoak eta ahotsaren arimak eternala bihurtzen dutena. Tenpo erdiko (eta ia balada formatuko) beste bi pieza erakargarri ere badaude gutxienez: “Hitzaren indarrez” (berriz ere pianoak goraipatzen duena) eta soul pintzelada kitzikagarriak dauzkan “Miraileko arrotza”.
Soula aipatu dugunez, gure protagonistaren nortasunaren parte ere badela esan genezake eta nolabait arrasto hori diskoaren momentu zenbaitetan azaleratzen dela uste dugu. Azken horretaz aparte, eta “Denak gara berdin” blues gozagarria dugun arren, ahotsen tratamenduak eta melodiek berriz ere soula laztantzen dute. “Aske baizik ez” emakumeek jasaten dituzten estereotipoen aurkako aldarrikapena da. Frantsesez kantatutako bat ere badago, noski: “Valse nocturne”. Unibertso limurtzailean murgiltzen gaituen pieza, bere sei minutuko garapenean Jazz izpiritua rockarekin nahastera ere daramana.
“Nor naiz ni”ren azelerazioak, geldialdiak eta perkusioak. Ahots bikoiztua duen “Mutil guzien artean” edota koru flotatzaileek misterioz janzten duten “Ilargiaren alabak”. Baina “Komunekoa” izango da agian Maialenen ibilbideko gailurra. Zati errezitatuaren ondorengo koru epikoa, baxu guztiz sarkorra eta dantzagarria... erabateko pieza, inondik ere. Beraz, eta horregatik guztiagatik, euskal musikan ondoen gordetako sekretua dela uste dugu eta ulergaitza egiten zaigu hegoaldean arrakasta itzela ez edukitzea.
Iruzkinak
2023-05-14 14:14 #1
Benetan ulergaitza da, eta penagarria, holako abeslari, talde eta diskak hain oharkabean pasatzea, euskal musika mundutik. Gogora ekarri dit beste Maialen bat (Maialen Gurbindo) eta beste "Biluzik" diska bat, 2016an agertu, halako ausardiaz eta indarraz, eta segituan desagertu (edo Chica Sobresalto bihurtu), lau kontzertu emanda, eta lau dozena CD salduta...
2023-05-14 16:56 #2
Ez nuen Maialen Gurbindo ezagutzen, eskerrik asko. Wikipedian topatu dut ja informazioa.
Utzi iruzkina: