Leok'k "Bizirik hala ere"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-11-12 22:49
1

pyromanya@hotmail.com 1668290076466

Honen antzeko kasu gutxi egongo da munduan: 1968an Zestoan sortu zen taldeak 1972ra arte iraun zuen euskaraz rock and rolla kantatzen. Esan gabe doa horrekin bakarrik euskal rockaren historiara pasa zirela, baina istorio honek sorpresa harrigarria zeukan gordeta: 1992ko berragerpen puntuala alde batera utzita, 2004an taldea elkartu, eta bere garaian ez bezala, diskoak argitaratzen hasi zen 2006an. Eskuartean dugun hau dagoeneko bosgarrena dugu, azken biak iraupen ertainekoak izan badira ere. Hasierako boskote hartatik Juan Antonio Kortadi gitarra joleak eta Gotzon Lizasok (sintetizadoreak, pianoa) jarraitzen dute, baina egia da Luis Llavori (konposatzaile nagusia) laster batu zitzaiela. Beraz, gaur egungo seikotearen erdia jatorrizko formaziotik datorrela esan dezakegu.

Taldeak egindako fitxaketen artean, Alfonso Guilló (Expresión Sonora, Koska) baxu jolea, David Gorospe (atabalak) eta Jesús Aranberri (Hammond, pianoa) dauzkagu. Eta zer eskaintzen digu seikote beterano honek 2022an? Rock and roll jarrera, soinu profesionala eta azken zazpi hamarkadetako musika popularraren adarkadura zenbaitekiko maitasun sakona: soula, bluesa, popa... Rock indartsu batekin hasten dute diskoa: “Noizbehinka”, erritmo potente batek aupatua, Luisen ahotsak gidatzen du bere trabatutako erritmoan, eta taldeak metronomo baten zehaztasunarekin ematen dio sustengua. Ez dezagun ahantzi Juan, Gotzon eta Alfonsoren koruek anplifikazio handia eman diezaieketela lan honetako (baita aurreko diskoetako) kantuei.

“Bizirik hala ere” asmo-deklarazio hutsa dugu, eta hitzen translazio bat eginez, taldearen inguruko hausnarketa moduan har genezake, agian jatorrian horrela izan ez bada ere. “Bidea ibiliz” Leok’kren kantu adierazgarria dugu, Luisen nota zinez altuek eta koru formako errepika melodiko sofistikatuak beraien estilo propioa ezin hobeto erakusten baitute. “Hor dabil” kantua Alfonsorena dugu, eta berak kantatzen du, beste kantuei kontrapuntu armonikoa eta erritmikoa emanez. Gantxo handiko kantua dugu, eta lau ahotseko koruen momentuak oraindik gehiago goratzen du.

“Nola” taldeak egiten dituen erdi-tenpoko kantu ederren ordezkaria da disko honetan: bere bost minututik gorako garapen epikoan, gitarra intentsuak eta teklatuarekin sortutako elkarrizketa sakona ditugu erregalurik nagusienak. Klasikoen zaporea duen beste kantu bat. “Urak hona ekarri nau” Eñaut Gaztañagak konposatu zien kanta da, taldeak “Infinituari segika” diskoan grabatu zuena, baina berrikusketa honetan lehen bertsioa gainditu dute, melodiari oraindik zuku handiagoa atereaz batetik, eta koruei eta atmosfera flotatzaileei emandako garrantziarengatik, bestetik. Leok’k taldeak gauza asko dauzka esateko 2022an: beteranoak, denak ere jubilatuak, teknika findua eta bizkarrean iraganeko hamaika abenturak emandako esperientzia daukate, eta ez daukate erretiroa hartzeko asmorik...


Utzi iruzkina: