Alguillo & Alkimistak "Burua makurtu gabe"
KUTSAKORRA ETA SUSTRAIDUNA
Perkusio latinoak, erritmo dantzagarriak, soul izpiritua, rhythm & blues kutsakorra... Guztiz ezohiko proposamena datorkigu Elgoibarko zortzikote honengandik. Alfonso Guilló baxu jole eta abeslariaren proiektua dugu hau, berak sortu baititu bai taldea zein doinuak eta hitz guztiak. Jesus Aramberri (teklatua), David Gorospe (bateria) eta Luis F. Llavori (gitarra) lankide ditu Zestoako Leok’k talde historikoan ere. Txeles Albizurenak dira diskoko pasarte ugari girotzen dituzten perkusio latinoak, eta emakumezko hiru ahotsek (Silvia Hernández, Eider Varela eta Ane Ugalde) dakarkigute soul izpiritua. Formatu handi honetan jotzen dituzten kontzertuak ikusgarriak izango dira.
Alfonso Guilló (Elgoibar, 1953) euskal rock eszenaren abeslari, baxu jole eta konposatzaile emankorra dugu: lehenik, 1969tik 1971ra Expresión Sonora talde historikoko partaidea izan zen; bizpahiru urte geroago euskara ikastearekin batera eta euskaraz sortzen hasi zen Koska talde progresiboan (bi disko argitaratu zituzten, “Koska” 1976an eta “Bihozkadak” 1979an). 1985an, Koska utzi eta gero, Trenbide taldea sortu zuen 1989an. Gero, Aterri, A-2an, Alfon eta Gabi, Leok’k... etorri ziren, geldirik egoten ez den horietakoa baitugu Alfonso. Leok’k-rekin jada hiru disko grabatu ditu 2018tik hona, baita urte luzeetan dokumental zenbaitetarako musika instrumentala bere etxeko estudioan erregistratu ere. 1987tik 2004ra egindako grabazio guzti horien lagin handi bat argitaratu du otsailean “Oinaztargiak” izeneko diskoan, bere Bandcamp orrian topatuko duzuena.
Lotsagabe eta fresko hasten da diskoa Nire esku ausartean, erritmo dantzagarri, ebakitzaile eta frenetikoak direla eta. Funk izpiritua, soul manerak eta perkusioa (ia beti presente) emakumezko gospel ahotsekin fusionatzen dira, eta Hammondak ukitu magikoa ematen dio. Orbelaren pare kantuan Alfonsok xuxurlatzeko duen modua bereziki da pizgarria eta iradokitzailea. Gainera, errepika borobila dauka, soul koruak eta perkusio latinoa ahantzi gabe noski. Tuneletik kantuan Gorospek atabalei kaña apur bat sartzeko aukera dauka, eta kontrasteen joku horretan atzean ez geratzeko dator Zu ere etorriko al zara? balada ilun eta psikodelikoa. Errepiken indarra nabaria da Burua makurtu gabe abestian, errezitaldia eta Hammond solo gozagarriaz aparte.
Heldu da egunsentia eta Alderantziz soul lurraldeetan murgiltzen dira. Bigarrenaren teklatua aipagarria da, baita erritmo dantzagarri kutsakorra ere. Blues taupadak dakartza Oraindik ametsetan kantuak, teklatuaren koltxoi atsegin eta leunak beztituta. Eta amaiera indartsua bi pieza gomendagarrirekin dator: Gesala eta argitasuna, zeinetan gitarra solo motz bikain batez gozatu baitezakegun, baita atabalaren luzimendurako tarte kutsakor batez eta baxu sarkor hedatzaileaz ere. Haize sekzio bat ere badauka gainera. Eta Ur gaineko bitsetan-en berriz ere gitarra soloa, eta hori gutxi balitz, Hammond soloa, perkusioa eta trabatutako erritmo guztiz gustagarria. Carlos Santana harro egongo litzake.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: