Latzen "Denboraren orbainak" (Maldito Records)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2026-02-27 20:54

pyromanya@hotmail.com 1772222533905

                                                    IGITAIA LANABES

Azken estudioko diskotik 27 urte eta azken itzulera hartatik 17 pasa diren honetan, hara non oñatiarrak berriz ere bueltan datozkigun, zerekin eta disko berri batekin! Hamar kantu berri, ia labetik atera berriak, diskoa abenduaren 5ean argitaratu baitzen. 90.hamarkadan atera zituzten estudioko bi lanen maila lortzea zaila den arren, disko oso txukuna eta interesgarria egin dute, zale zaharrak asebetetzeko modukoa, batetik, eta heavy zale berriak erakartzekoa, bestetik.

Gasteizko Silverstar estudioan Iker Bengoaren gidaritzapean grabatuta, eskema nahiko sinpleak baina eraginkorrak erabili dituzte kantuen konposizioan zein exekuzioan, baina muskulua ere sobera erakutsi dute kantu gehienetan. Riffen garrantzia, base erritmiko sendoa, eta Aitor Uriarteren ahotsa egoera ona baino hobean dela, zuzenekoetarako gasolina hutsa diren hainbat pieza dotore egin dituzte. Diskoaren hasiera oso gogorra da: lehenik eta behin, Txori txarrak riff oso markatua duen Heavy Metal pieza sendoa da. Gainera, bi ahotsetako koruek oñatiarren marka eta estiloa markatzen dute. Bestetik, Memento Mori gitarra oso itsaskorrek markatzen dute, berehala buruan sartu eta atera ezin den kemena dauka, eta errepika iradokitzailea, garailea eta melodikoa da, gitarrak melodikoak diren bezalatsu.

Diskoaren lehen erdia borobila da: Eutsi! dardaratsua da eta gitarrekin egindako lan oparoa dakar. Balada heavy bat ere badaukagu: Heroi direnak. Eztanda egitea kostatzen zaion arren, hirugarren minututik aurrera hasten da power ballad-a bihurtzen, eta bere osotasunean halaxekoa da: balada heavy ez bereziki lehergarria edo erasokorra, baina estandar guztiak era egokian betetzen dituena. Gero, Dogma tematiak egiten duen erasoa dantzagarria eta adiktiboa da, nolabait esateko. Denboraen orbainak izeneko minutu eta erdiko instrumentalak oina azeleragailutik altxatzen du, geroago etorriko denaren zain.

Azken lau kantuetan lan tekniko polita egin dute: Arnasbideak, dena den, apur bat ezberdina da, nahiko poliki (baina astun) doalako, eta beste kanturen baten bezala, ahots-melodiek Alice In Chains-en jokuak gogora ekarri dizkigutelako. Kantu honek, oraindik oldarkorrago izanez gero, onenen artean egon behar luke derrigor. Txarriboda-n ere Aitorren ahotsa benetan estimulatzailea da, teknikoki landua eta nota altuenetara iristeko inolako arazorik ez duena. Zauria-ren akorde pausatuek, ahots-joko dotoreak eta gitarra bikoiztuek oraindik gehiagora iritsi zitekeena iradokiarazten digute.

Azken agurrak berri onak dakarzkigu: Zilarrezko kaiola-k aurreko bizpahiru kantuetan faltan sumatu dugun abiadura dauka. Thrash metalera ere hurbiltzen dira eta gogortasunean diskoko lehenengo hiru kantuekin lehian dago. Gauzak horrela, itzulera-disko aberatsa eta kalitatezkoa egin dute, garai mitikoenetatik gertu kokatu dira, eta hori pozgarria da edozein metalzalerentzat. Kontzertuak ere ez zaizkie falta, eta Euskal Herriaz gain espainiar estatuko hainbat jaialdietan joko dute datorren urtean.


Utzi iruzkina: