Kimule "Eskorgatra"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-04-12 17:59

pyromanya@hotmail.com 1712937742078

Ezohiko proposamena dugu hau, bai lekuagatik (Nafaroa Beherea) baita estiloagatik ere (Groove Metala). Suhuskuneko taldea ez da hasiberria, 2013tik Kink Mullet izenpean ibili baitira. Ez dago gurean estilo hau jorratzen duen talde askorik, eta Kimule Groove Metalaren eskema eta maneretan garbi kokatzen den arren, ahots guturalak erabiltzeko moduak eta bonbo pedal bikoitzaren abiadurak Death Metalaren ezaugarri batzuek ematen dizkie. Pentsaeren kantua hasten den momentutik diskoan gitarren tratamendua zein izango den nahiko garbi antzeman dezakegu. Gainera, lehenengo kantu honetatik ahots guturalak nabarmentzen dira eta “odolak nigar egiten du” errepikak zuzenekoetarako gasolina bermatzen du.

Bazka-k, zorionez, badauka oihu erakargarri bat, kantuaren izena goraipatzen duena. Hemen hasiko gara, lehen aldiz, bi ahotsen arteko kontrasteaz ohartzen: bata, guturala eta hiltzailea; bestea, Hard-core edo Metalcore estilotik gertuago, oihu bortitz altuagoa. Deitzi brutala da, bere hasieragatik mosh pit-a egiteko gonbita dirudi. Pantera taldeak hasi zuen bidea eta haien oinordekoena ondo barneratuta daukatela ikusten dugu, baina ez dugu Eskorgatra instrumentalak sorpresa eman digunik ukatuko. Dena den, Grooveak hor jarraitzen du, nahiz eta lan honetako materiala ikusita deskantsu moduko bat bezala ere hartu genezakeen.

Lehenengo lau kantuekin asmo-deklarazio garbia egin badute, hurrengo laurekin dator onena. Muleta kantuarekin bueltatzen baita bi ahotsen arteko jokoa eta bortizkeria berritua. Groovean ezohikoa den abiadura zitalak bultzatuta (hasieran bederen), ahotsa bera ere kutsatzen da eta botatzen duen oihuak momentu benetan pizgarriak lortzen dituzte. Beltzez taldeko Joseba Manterolaren garra berpiztu dutela dirudi batzuetan, nahiz eta guturalek berehala Kimuleren eskemetara bueltatzen gaituen.

Erakargarritasuna ez da hor bukatzen, ia minutu bateko sarrera instrumentala baitauka Biduze-k, biolina eta sokazko instrumentuekin egindakoa gainera! Laster datoz bonbo bikoitza eta ahots brutala, arnasa hartzen uzten duen pieza mota bada ere. Kantu borobilik badago, Biduze eta Suhuskune bortitzen baimenarekin, hori Boga dugu. Bere riff ahalguztidun, errepikakor eta menderatzaileak euskal Groove Metalaren (eszena hori existitzen bada) garaikur modura balio lezake. Oldarrak ez du tregoarik, baina dantzagarria da bere gogortasunean eta abesti formatu peto-petoa dauka.

Taldekideek daukaten esperientziaren adierazleak ditugu bonboaren erabilera, gitarren koordinazioa eta soinu orokorraren sarraski gosea. Azken kantua Suhuskune dugu: errepika nahiko ezaguterraza daukan pieza, ahots guturalek bere jatorria gogorarazten diote ahots-joku guztiz adiktiboan. Gainera, baxuak bere momentutxoa ere badauka solo txiki erakargarri horretan. Kantu honetan zein lehen aipatu Muleta-n Slayer taldearen Diabulus in Musica diskoa gogorarazten dute, ahotsetan batez ere. Disko erasokorra eta derrigor teknikoa dugu, maneiatzen dituen lurralde konplexuak direla eta. Bultzada gihartsua dauka, hain justu gure eszenak behar duena.


Utzi iruzkina: