Hertzainak. Amets prefabrikatuak?
Ezin nuen sinestu: Nere nerabezaroko talderik gustokoenetako bat, errebeldea eta makarra (orduan punk edo etiketetaz asko ez nekien), “Aitormena” bezalako balada ñoño eta ahul bat grabatzera ausartu zen. Irrati guztietan entzun zitekeen, eta buruan sartzen zitzaizun, barren barreneraino, eta aste luzeetan zama hori eramatera behartuta zeunden. Dagoeneko ahaztua zenuenean, Ikastolako autobusean irratian entzun behar zenuen, bi milagarren aldiz. Edota zure klasekideren bat kantatzen hasten zen, kalean edonor ere... Hura, kanta bat baino gehiago, maldizio bat zen. Zigor krudel bat. Espainiako garai hartako pop talde aluren batek grabatu izan balu, pasatzen utzi ahal zen, baina...Hertzainakek? Oh ez! Okerrena zen inor ez zela aurka agertzen, eta honela “tribu” guztiek bereganatu zuten: Euskal pijoek gustura bereganatu zuten, 40 Principaleseko edozein beste “pieza” bat bezala. Borrokek (neskek batez ere) egun guztian zehar kantatzen zuten; agian modu bakarra zen bere instintu baxu haiek kanporatzeko: “Bai, balada bat da, baina Hertzainakena da”. Honela, justifikatuta zeuden. Makarrak ere ez ziren atzean gelditzen. Hura hondamendia zen! 1989 hartan burmuinak zulatu zizkidaten, eta mito baten amaiera suposatu zuen neretzat.
Garai hartan ETB1en “Gazteak” (“The Young Ones”) telesail paregabea ikus zitekeen. Hertzainak taldea eta “Gazteak” saioa bi historia paralelo bezala ziren: Londoneko ikasle pisu surrealista hartan, 4 kideek ere halako banda bat osatzen zuten. “Neil” hippya, “Mike” pijoa, “Rick” anarkista eta “Vyvian” punk ero eta biolentoa. Garik kantatzen zituen letra haiekin, telesaileko partaideak burura etor zitezkeen, eta batez ere “Rick” anarkista: Haren keinu eta hitzegiteko eragatik, Gari zirudien. “Vyvian”ek ere Gariren antza izan zezakeen, baina batez ere “Rick” zen legazpiarraren “alter ego”a, niretzat behintzat. Gari ETBn hitzegiten ikustean, automatikoki zure heroia bihurtzen zen. Euskal Rockstarra, errebeldea, makarra, drogata eta dibertigarria. Ez da inoiz bere parekorik egon.
Horrexegatik, ulertezina zen “Pakean utzi arte” eta “Ta zer ez da berdin” kanten sortzaileek, halako kagada bat egitea: “Zin dagizut ez dizudala inoiz gezurrik esan eta zaude ziur ezin izango zaitudala ahaaztu inoiz...”.AAARRGGHHHH!!!! Batzuk, justifikatu nahian edo, kanta drogei buruz zela esaten zuten (benetan, taldeari buruz zen). “Amets prefabrikatuak” izena zuen LPak. “Bi minutuero”ren erloju orratz haiekin hasten zen momentutik “Ispiluaren aurrean” jasanezina arte ez zegoen ez, treguarik. Gariren kantatzeko era ere aldatu zen, eta musika, orohar, asko lasaitu zen. Ez zegoen dudarik, kaka bat zen. “564” bakarrik atsegin nuen.
Taldearen hurrengo pausua, zuzeneko bikoitz hura izan zen (1991). Inoiz entzun nuen zuzenekorik okerrena. Ahula, gaizki interpretatua... Eta 1992an, “Guantanamera”, oker ez banago sortu berria zen “Euskadi Gaztea” “gure” irratian lehen aldiz entzutean, Ikastolako buseko gidaria erahiltzeko lehenengo planak egiten hasia nintzen, kantaren erdira iritsi baino lehen. Zoritxarrez, “Aitormena”rekin gertatu zen bezala, honekin ere tortura ehundaka aldiz jasan behar izan genuen. “Guantanamera” bai, ados nengoen “taparrabos”a eta kitarra batekin kubatar beltzaran batek abestean, baina, la ostia, Hertzainakek ez!!! Mesedez! Garai hartan, gutxi falta zen jada Gasteizko bandaren amaierarako. Diska berri bat ere grabatu zuten, inspirazio handirik gabe.
Geroztik, “Amets prefabrikatuak” ere apreziatzen jakin dut. “Autokutsatzen” eta “Zuzen heriotzeraino” potenteak, Derribos Ariasen “Tupés en crecimiento”ren bertsioa, lehen esan bezala, “564”...Baina inoiz, inola ere, ezin dut jasan “Aitormena”. Euskal rockaren historiako baladarik txarrena. Eta mordoxka bat lehiakide izan baditu ere, ohore hori berea izango da “ad eternum”. Eta hala ere, euskal musikaren klasiko bat da, zoritxarrez! Hertzainak, gure rockaren ordezkari onenetariko bat izatetik (lehen hiru disko bikain haiek, “Hertzainak”, “Hau dena aldatu nahi nuke” eta “Salda Badago” lekuko), euskal rocka ulertzeko referente bat izatetik (gaur egun “eskola zaharrekoa” deituko nioke, ohore osoz) euskal pijoen talde izatera pasatu zen, masa handientzako talde bat. Ez noa ni estilo aldaketak epaitzera, “Salda Badago” hirugarren LP bikainean lehen diskarekiko eboluzio argi bat zegoen, baina 1989tik aurrera beraien estiloa, kemena eta indarra, guztiz galdu zuten.
Horrek, ordea, ez du inoiz errealitatea ezkutatuko: Gure talderik onenetako bat izan zen, bai errepertorio, jarrera eta zuzenekoengatik. 1984tik 1988ra euskaraz kantatutako rock makarraren maisuak. Aitortzen dut.
Iruzkinak
2007-02-08 22:21 #1

Hori dek!! Ez haiz "Aitormena" gorrotatzen duan bakarra, nik betidanik gorrotatu diat!! Euskal rockeko kantarik txarrena, hori dek!

"Gazteak" telesaila kristona huen, denetatik onena. "Gazteak"ekin, doala Erletxea popatik hartzera. Hori bai, nik zalantza bat diat: Gari "Rick" bazen, nor zen "Neil"? Josu Zabala? jajaaj. Gora euskal punkaaaaaaaaaaaaaa.

Neil 2007-02-08 22:30 #2

Hori dek! Ez haiz "Aitormena" gorrotatzen duan bakarra, nik betidanik gorrotatu diat! Euskal rockeko kantarik txarrena, hori dek!!

"Gazteak" telesaila kristona huen, denetatik onena."Gazteak"ekin, doala erletxea popatik hartzera. Hori bai, nik zalantza bat diat: Gari "Rick" bazen, nor zen "Neil"? Josu Zabala? jajaaj. Gora euskal punkaaaaaaaaaa.

Pyromanus Rex 2007-02-08 22:49 #3

Galdera ona, erantzuna zaila. Nire ustez, Hertzainak talde osoa "Vyvian" zen. Eta ondoren "Mike" izatera pasatu zen, zoritxarrez.

Neil: "Ez diat uste gaur nere burua hilko diadanik, baina badaezpada ere nire hilobia zulatzera nijoak." Ez da berriz halako telesail surrealistarik egon ETBn. Nere inkozientean, Hertzainak eta "Gazteak", mundu paralelo izaten jarraitzen dute. Salda Badago!

Egilea.

ahmed kaso 2008-10-09 17:36 #4
"taparrabos"-a daraman kubatarrik ez ziok, motel! Espainolek eta haiekin joandako euskal kolonialistek akatu zittizteken "taparrabos"-a erabil zezaketen Karibeko uharteetako arawak, karibe eta bestelako indiarrak.
Halere, hitz hori testuinguru horretan erabiltzea mespretxuzkoa iduritzen zaidak.
Ni ere ez nak "Aitormena" kantuaren zalea, are gutxiago haizezko bertsioan; nahiago diat, musikagatik (letragatik ez zaidak inola ere gustatzen) maxi-an atera zuten bertsio rockeroagoa, gitarreroagoa.
Bestalde, gaur egun, ETBn pentsaezina da "Gazteak" bezalako sail edota saio ikonoklastarik pantailaratzea. Ikustea edo entzutea besterik ez dago zer nolako "Gaztea" proposamena egiten diguten EITBtik bideoklip eta irrati bidez... Salbuespenak salbuespen, yankilada eta poparen alderik kutre, huts eta enpalagosoena ematen digute bazkan. Eta gizarte kritikarik? Batere ez! Zertarako? Denok dakigu hauxe: 'Euzkadi Va Bien'...
"Euskadi, un pais en marcha", "Pixka bat es mucho" leloekin... aurrera ez, atzera goaz... baina ez bide onak berriz hartzeko, baizik eta pikutara! Lelo horiekin lelotuta.
Utzi iruzkina: