Delirium Tremens + Jan! Santana27 (Bilbo) 2025-11-29

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2026-02-17 18:43

pyromanya@hotmail.com 1771350907598

Agur esateko ordua iritsi zaio Delirium Tremens taldeari. Ia lau urte iraun duen azken itzulera honetan bi disko argitaratu dituzte eta azken emanaldia Bilbon egitea erabaki dute. Orokorrean, hunkigarria izan da agur hau ere: zenbat ereserki, kantu sorta sarkor eta emozio bizitu dugun Santana 27 aretoan... Bertaratutakoek betirako oroitzeko modukoa izan da, bere sinbolismoa zein garrantzi historikoagatik. Baina goazen lehenengo teloneroekin.

Jan! taldea sortu berria da eta oraindik ez dute kanturik argitaratu, beraz erronka nahiko zaila zeukaten aurretik. Zorionez, beteranoz betetako taldea da eta lana aurrera atera dute, zailtasunak zailtasun. Zarama taldeko Roberto Moso eta Tontxu gitarra jolea, Jorge Murillo (baxua) eta Alfredo Caramés (bateria) dira lau partaideak. Rock and roll gordina egiten dute, oinarrizko eskemen balioa frogatuaz, eta potentzialitate handiko kantu sorta eskaini digute. Zoritxarrez, soinua ez da egokiena izan: ahotsak ez ziren ondo entzuten, baxua oso gutxi eta atabalen platerak zein tinbalak ez ziren ia nabaritzen; soilik bonboa eta kaxak zeukaten behar bezalako soinua.

Gitarra bai, topera entzun da. Gainera, Tontxuren soloak benetan hiltzaileak izan dira, bai teknikoki zein sentimenduei dagokionez. Egia da Robertok daukan tonu altu eta indartsuarekin bere lekua hartzea lortu duela, haren ahotsaren maila benetan harritzekoa baita gaur egun ere. Kantu batzuen tituluak ezagutarazi dizkigute: Emaidazu une bat eta Otsoak Ehizan, esate baterako. Abesti berri guzti hauek guztiz eraikita daude jada, beraz laster argitaratuko dituztenaren ustea daukagu. Zaramaren bertsio pare batekin lortu dute gailurra, hori bai. Goazen borrokara (hori da ahotsa, Roberto!) eta Bihotzak sutan pizgarriak izan dira guztiz. Eskaini dituzten bi bisetan berriz ere kantu berriei egin diete lekua. Behetik gora, kontzertua tentsioa goratzen joan da, amaiera indarrez amaitu arte.

Eta hogei minutuko itxaronaldi motzaren ondoren taularatu da Delirium Tremens: Andoni Basterretxea (ahotsa, gitarra) eta Juan Yurrita (atabalak) jatorrizko partaideak alde batetik, eta Mikel Kazalis (baxua) eta Haritz Harreguy (gitarra) azken fitxaketak, bestetik. Santana aretoa ez da guztiz bete, eta hala izatea nahiko genukeen arren, mugitzeko lekua egotea ere eskergarria da. Kantu berriekin hasi dira (Dirudidu eta Sahiesten), eta horrek bidea erraztu ez dien arren, azken diskoko bost kanta jotzea ausarta dela esan behar dugu. Ihes etorri da gero, bukatu bezain pronto Galduta nabil-ekin elkartu dute eta segidan etorri dira kanturik zaharrenetako bi: Ezin leike eta Batzuetan mitikoek ikuslegoaren zati bat dantzan jarri dute. Segidan Zaramako Roberto eta Tontxu igo dira, beraien taldearen Gasteizko gaua jotzera. Une hunkigarriak izan dira berriro ere, eta kantu honek daukan zailtasunagatik, Robertok meritu handia daukala uste dugu.

Dalila abesti berria eta aurreko diskotik jo duten bakarra (Aio) etorri dira gero, eta segidan Mikel Laboaren Baztan-en bertsioa (1990ean Txerokee izeneko Mikelen omenezko diskoan atera zena) eskaini dizkigute, baina kontzertua ez da oraindik lehertu. Jotakie taldeko Elortxa igo denean aparteko giroa jarri dute haren taldeko Kriston burrundaie lehergarriarekin. Abiadura, indarra, arriskua... gaueko onenetako bat izan da, dudarik gabe. Sua kantuak, azken diskoan bergrabatu dituzten bi abestietako bat (bestea gorago aipatu dugun Batzuetan da), eta Ta Nora?-k kontraste interesgarria egin dute, eta kontzertuaren bigarren erdian sartuta, Noizean behin pizgarria izan da, nahiz eta zentzu horretan, igoera garrantzitsuenak gonbidatu ezberdinak taularatu direnean gertatu diren. Soinua (gu geunden lekuan bederen) ona izan da, eta exekuzioa -kontzertu osoaz ari gara orain- teknikoki maila altukoa.

Nahia Zarrapo taldearekin argitaratu zuten disko partekatu hartatik jo dituzten lauretako bat izan da, zaharrenetakoa beraz. Gauzak horrela, Zea Mayseko Aiora Renteriarekin egin duten Kafe usain hura beste gailur bat izan da, ikusleen erantzunagatik zein Aioraren ahotsagatik ere. Andoniren grabeek Aiora Renteriaren tonu altuekin kontraste benetan ederra egin dute. Olatuan igota geundela, Kaixo arakasta totala izan da, jendea gero eta pozikago, animatuago... eta letra osoa kantatzen egon baita. Baldin Badako Katu bere taldearen izena daukan abestia (Baldin Bada) abestera igo denean (gitarra ere jo du) zalaparta eta zoriontasuna apartekoak izan dira lehen lerroetako eta erdialdeko ikusleetan. Lehentxeago aipatu dugun Jotakieko Elortxak kantatu duen Kriston burrundaie eta Baldin Bada izan dira, ziur aski, gaueko punturik beroenak. Haritz Harreguy oso partehartzaile egon da emanaldi osoan, eta Mikel Kazalis bere lekuan egon da, baxuari egurra eman dio eta hori gutxi balitz koruak ere egin ditu, Haritzekin batera. Lehenago, Kaixo kantua Iñigo Muguruzari eskaini dio, eta emanaldiari eta azken diskoari eman dion ukitu heavya soberan nabaritu dira. Aparta.

Ikusi eta ikasi diskoa ia osorik jo dute, ohi bezala. Orain, azken txanpa honetan, disko hartako bost jo dizkigute jarraian, bertaratutakoen gozamenerako. Delirium Tremens izeneko instrumental mitikoa gaueko bihozkadarik gogorrena izan da. Energia brutal hori Ikusi eta ikasi-k ere mantendu du, eta horrelaxe erretiratu dira, nahiz eta laster berriz taularatu diren: Ni naiz naizena, Laino ilunak eta Boga Bogak eman diote amaiera kontzertuari. Ikuslegoak jarrera bereziki sutsua eduki du kantuotan ere. Azken txanpa hau ondo kalkulatua eta neurtua egon da, hain zuzen ere efektu hori lortzeko egin baitute. Agur esan digute, hunkituta, baina azken sorpresa bat ere bazegoen, nonbait taldekideei abisatu gabe prestatutakoa: soinuarekin Hiru aeroplano jo dute, kontzertuan taularatu diren musikari gonbidatu guztien ahotsak lagunduta, Delirium Tremensekoenak barne, noski. Atzera begira, eta ondorio moduan, Deliriumek ibilbide oso luzea egin ez zuen arren gure eszenan garrantzi handiko arrastoa utzi zuen eta utzi du orain, 2025ko azaroan, ere.


Utzi iruzkina: