BIZARRO "DESHUMANIZAZIOA" (ALMEHUNA, 2020)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2020-08-31 17:31

pyromanya@hotmail.com 1598888110836

 Gitarren boterearen maitaleentzat aproposa den talde berria daukagu. Bizarroren debut E.P. honek 90. hamarkadako rock bortitzaren dohainak azaleratzen ditu euskara hutsezko 5 kantutan. Egiazki, Melvins, Grungea eta Edgar Winter Group-en boterea antzeman dezakegu aitaren batean pasatzen diren 19 minutuetan. Oinarri erritmiko astuna eta boteretsua, beraz, gitarra soinu bibrantea eta konposizio apartek borobildutakoa. Ez da gurean oso ohikoa oinarrizko soinu itxuraz sinple hori lantzen duten taldeak topatzea. Intentzonalitate handia behar baita askotan planteamendu horiek aurrera eramateko.

 “Giltzapeko oihuak” eta beraren gitarra soinu potoloak ematen digute ongi etorria. Gantxo handiko konposizioa da. Badu kantu honek zuzenekoetarako gasolina nahiko. Gitarren tratamenduak bilaketa sakon baten emaitza dirudi; edonola ere eskergaria suertatzen da. “Horma zuriak” iristen denean, ordea, Grunge erritmo oso markatu batek, gitarra soinu grabeago eta era berean dotoreak eta bi gitarren arteko joku originalak puntu gehiago ematen dizkiote.

 “Bizi beharra”, sakona izateaz gain, ahots melodiaren luzimendurako egokia ere bada. Haatik, astuna – hots, heavya – izaten jarraitzen du, oso nabarmenki. “Inoiz ez galdu”-n Iban Idigorasen bateria pisutsua eta zitala da berriz ere. Aitorren ahotsa eta bere melodia nagusi dira hemen, gitarra harresiaz gain, baina sorpresatxo bat ere badaukagu ahotsen tratamenduan, koruen eco edo oihartzun efektuan eta ahots-kapa gainezarrietan. Gitarren bibrazio motak aupatzen du “Ihesi”. Bi ahotsetan landutako doinu atsegina eta instrumentazioaren kontraste erabatekoak Grungearen konposizio batzuetara hurbiltzen ditu, oraingoan acaso Screaming Treesen “Dust” disko mitikoraino. Kantuaren amaierako zati instrumentala motzegi sentitu dugu, akaso geniala delako eta egurra sartzeaz gain hainbat bertute erakusteko ausardia agertzen duelako.

 Taldearen gaitasunak, Aitor Regueiroren ahots-jario amaiezinak eta zuzenean izan dezaketen bultzada eta indarrak datozen hilabeteetan adi egotera behartzen gaitu. Ahotsa apur bat zikinago izango balitz bortizkerian irabaziko lukete, baina ez da hori bilatu dutena, bi munduen arteko uztarketa interesgarria baizik.

 Base erritmikoaren zehaztasuna eta indarra aipagarriak dira, inondik ere. Aixibar Urteaga, Potemkin taldeko abeslaria zenak, baxua jotzen du Bizarron, eta talde berdineko bateria jolea izandako Iban Idigorasek beste hainbeste egin du hemen. Aitor Regueiro ere oñatiarra da, bakarlaria eta fitxaje polita hasi berria den proiektu honentzat. Iñigo Palacios eta Tommaso Galatik gitarra-joku interesgarria lortu dute grabazio honetan, baita efektu andana polita ere. Boskotearen zuzenekoren bat ikusteko aukera badaukazue ez ezazue inola ere galdu.


Utzi iruzkina: