Konplexu zaharrak

euskerabideanelkarkidegoa 1456132620930 Euskera Bidean Elkarkidegoa | 2008-01-10 10:10

Gure elkarteko batek, orain dala egun batzuk gertaera bitxi baten aurrean aurkitu dala kontatu eustan. Gertaera hau gure eguneroko errealitatearen zati bat izan arren, eta gure lagunak errealitate hori ezagutu arren, berak zuzenean bizi izan ez dauan artean, ez dau horretaz inongo ausnarketarik egin. Oraingoan bai.

Lagunaren esanetan, abenduko egun baten, baserrian Amama hartu eta herriko sindikatora joan ziran (sindikatoa herri txikietan abereentzako janaria eta orturako tresna eta hazien biltegi bat da). Bertan egozala lagun honen Amamak beharrezkoa zana hartu ondoren, bertoko arduradunari hauxe esan eutsan:

-           Joxe Ramon piper hazirik badaukazu?

-           Bai.

-           Emoidazuz ziento bi.

 

Gure laguna, bere Amamaren eskaeraren aurrean harrituta geratu zan, honek euskera maila ona agertzen eban eta.

Hazia jaso eta baserrira itzuli ziran. Gertaerea hor geratu zan, baina hurrengo baten, herriko gizon bat baserrira urreratu eta Amamagaz berbetan egoala hauxe entzun eban:

-           Bazoan jubilatuen ibilaldira joateko asmorik?

-           Ez. hainbestek daukie joateko asmoa eta eta- erantzun eban gure lagunaren Amamak.

-           Zenbat pertsona joango dira ba?

-           Entzun dodanez “zinto zinkuenta” inguru.

 

Gure lagunak orduan, Amamari hauxe galdetu eutsan:

-          Amama zuk ederto egiten dozu euskeraz eta zergaitik erabiltzen dozuz zenbakiak gazteleraz ba?

-          Gaztetan herrira joatean gazteleraz egin beharra genduan, ostantzean artaburutzat hartzen ginduezan eta. Zenbakietan zehatz ibiltea gauza haundia zan, dirua horrela neurtzen zan eta. Gainera sasoi haretan, gabezia zala eta, zenbaki kontuetan akatsak eukitea arazo haundia bihurtzen zan

 

Gure lagunak ondorioz, orduko sasoian euskeraa erabiltzen ebezanak konplexuz beteta egozala pentsatzen hasia zan eta horretaz gain, zeozer garrantzitsua zanean, badaezbada, gaztelera erabiltzen zala ohartu zan. Gaur egun ere, gure lagunaren ustetan, konplexuak desagertzen joan arren, euskerak ez ei dauz esparru guztiak irabazi, justizia arloa edota osasun arloa adibidez.

 

Aspaldi bateko baserritarren moduan ibiliko ete gara gaur ere, plazara jeistean, segun eta zein esparrutan hizkuntza bata edo bestea erabiltzen?


Utzi iruzkina: