Telesforo Monzon idazlearen hilobia
Ekaitz Santazilia, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons.
Bergarako kanposantuan, familiaren panteoian datza ehortzirik Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Bergara, 1904/12/01 - Baiona, 1981/03/09).
Familia aristokratiko batean sortua, horrek hain segur Madrilen ikasteko ateak zabaldu zizkion eta gerora politikan sartzekoak. Bereziki ezaguna da abertzaletasunaren barnean egindako bide politikoagatik. Horrezaz gain, euskalaritzari buruzko blog honetan ere badu lekurik, idazle gisa ere izan baitzuen bere eragina: esango nuke idazkeraren kalitateagatik baino, jorratutako gaiengatik izan zela ezagun. Prosa, poesia eta antzerkia landu zituen eta gai abertzaleko bere poema zenbait biziki ezagunak bilakatu dira, garaiko eta geroko kantariek frankotan abestu baitituzte; hor dira, besteak beste, Itziarren semea, Lepoan hartu eta segi aurrera edo Batasuna. Esango nuke 1947ko Gudarien Egiñak dela bere idazlanik ezagunena. Hizlari eta kazetetan idazle ere ibili zen. 1966an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.
Esan bezala, hilobia Bergarako hilerrian bertan dago. Matxiategi kaleko aparkalekuan autoa utzita, ekialdera begira dagoen ate nagusitik sartuko gara. Ezkerrera jo eta hegoaldeko murruaren kontra, Boni Laskurain karrikara ematen duena hain zuzen, berehala ikusiko dugu panteoia, familiaren armarria daramana, “Olaso y Monzon” idazkiarekin batera.
Ekaitz Santazilia, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons.
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: