Manuel Larramendi euskalariaren sortetxea
Euskargazki, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons
Garagorri izeneko Andoaingo baserri honetan jaio zen Manuel Garagorri Larramendi (Andoain, 1690/12/25 - Loiola–Azpeitia, 1766/01/29). Jesuslagun honek amaren abizena erabili izan zuen beti.
Formakuntza sendoa izan zuen eta franko bidaiatu zuen. Mariana Neoburgokoaren konfesore izatera iritsi zen, baina bere lanak euskararako zaizkigu bereziki interesgarriak. Hizkuntza honek izan duen apologiagilerik garrantzitsuena da ezbairik gabe. Foruen defentsan eta euskara gainontzeko hizkuntzen pare jartzeko izandako eztabaiden fruitu hainbat lan argitaratu zituen. Euskararen alorrean, Larramendik atondu zituen hizkuntza moderno batek garai hartan izan behar zituen hiru zutabeak: apologia, euskararen aitzinatasuna eta perfekzioa frogatzera zihoana, De la antigüedad y universalidad del bascuenze (1728); gramatika, El impossible vencido (1729), euskarak, gainontzeko hizkuntzek bezala, arau eta erregela ordenatu eta perfektuak zituela, frogatuko zuena, hots, ez zela kaotikoa eta Jainkoak sortua zela; azkenik, euskal hiztegia, Diccionario trilingüe (1745) Espainiako Akademiaren hiztegia, hizkuntzaren modernitatearen eredu, euskarara itzultzea posible zela frogatzea bilatzen zuena. Haren obrak, hiztegia batez ere, zedarri izan dira euskal testuetan, autoreengan gaur egungo euskaran ere ikus daitekeen eragin handia izan zutelako.
Larramendiri erdaraz idatzi izana eta euskararen arauak gehiegi bortxatu izana leporatu izan zaio, baina gerora, Urgellen lanei esker batez ere, ikuspegi hori aldatu da. Larramendiren obrak erdaldunei zuzenduak ziren; haiekin eztabaidatzea zuen xede. Bestalde, euskara modernizatzeko saiakera horrek, segur aski, ondoko beste autore franko euskaraz idaztera animatu zituen.
Baserria aurkitzea ez da erraza. Herri kaskotik ateratzeko La Salle etorbidea hartuko dugu gora eta Leizotz auzoan sartuko gara. Etxe bat eskuin utzita, eskuinetara sartuko gara lehendabiziko bidegurutzean. Bide hori segitu behar dugu gainontzeko bidegurutze eta seinaleei muzin eginez, eta pare bat kilometro kurrituta aurkituko dugu baserria, parez pare ikuilua duena. Leizotz auzoko 16. zenbakia du.
Aurrealdeak armarri bat du eta oroigarri bat:
Euskargazki, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons
“JHS / eche onetan 1690ko eguerri egunean jayo zan / aita jesuita done ta jakintsu Manuel Larra- / mendi ta Garagorri, joan dan eunkian fede / ta Euskal-Erri guziaren ta onen izkera, oitur- /on ta zorionerako iñork baño geyago 40 urtean / egiñ zubena. Loyolatik zeruratu zan 1766an”.
Euskargazki, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons
Baserrira ailegatzean Larramendiren jaiotzaren III. mendeurrenean jarri zioten eskultura dago.
Euskargazki, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: