Kurtederia etxeko armarria
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Iturmendiko Kurtederia etxeak 1706. urteko armarri barroko hau du. Etxea Joseph de Galarza (1660-1734) herriko apaizak eraikiarazi zuen eta ondoren herriko apaizek erabili izan zuten.
Ohikoa da armarrietan inskripzioak kausitzea, baina ez da hain arrunta horiek euskaraz egotea. Honakoak goiko aldean latinezko testua dakar, eta azpian euskarazkoa, biak esanahi bersukoak.
Latinezkoak hala dio:
ECCE GALARZARVM NOTAM QUAE INVRVNT ARMA /
NOBILITATIS FILIIS POSTERITATIS SVAE /
SVMPTIBVS ABBATIS DJOSEPH DE GALARZA FIXA /
ADNITOREM DOMVS ORNATVMQUE SUAE /
ANNO MDCCVI
Gutxi gora beherako itzulpen honakoa litzateke:
Hona hemen Galartzatarren armak, zeintzuek geroko seme-alabentzako noblezia markatzen duten, Joseph Galartza jaun abadearen ondasunekin grabatuak, bere etxearen disdirarako eta apainketarako. 1706 urtea.
Armarrian dagoen euskarazkoak, aldiz:
GALARZATARREN ARMAC DIRA /
ADORNVZ YRENI ARAZIAC /
DON JOSSEPE DE GALARZA /
ABBAD DE YTVRMENDIAC
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Testuak, laburra izanik ere, badu zer aipa. Lehenik eta behin, Iturmendiren izen zaharra ageri da; Iturmendia artikuluduna: hala ageri da herriaren izena agiri zaharretan. Bestetik, deigarria da Galartzak apaiz kargua aipatzeko gaztelania erabili arren, behar den bezala ergatiboa gehitu izana: nonbait kargua izenaren parte da. Bestetik, yreni dugu. Errata bat izan liteke, eta ibeni espero genezake, baina aldaera hori, OEH begiratuta, iparraldean baizik ez da lekukotzen. Ifeni-k, baluke zentzu handiagorik eremu horretan. Zer diozue?
Etxea Iturmendiko Santa Marina kaleko 22.ean dago. San Migel eliza bizkarrean utzita zuzen jarraituta ezker aldean ikusiko dugu segituan.
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: