Juan Bautista Sanzberro idazlearen jaiotetxea
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Etxalarko Antsolokueta auzoko Iriartea etxean sortu zen Juan Bautista Sanzberro Larralde, XVIII. mendeko euskara nafarraren lekuko izan zena (Etxalar, 1701/9/10–Etxalar, 1751/4/23).
1700 urte ingurura arte Juansanzberro abizenaz izendatu zituzten Etxalarren Iriarteko seme-alabak; Juan Bautista bera izen horrexekin bataiatu zuten 1701ean; harez geroztik, ordea, deituraren era laburragoa erabili izan zuen beti, eta Sanzberro eman zuten parrokia-liburuan ere, aurreko Juan hura betiko ezabatuta.
1727 eta 1730 bitartean hartu zituen ordenak eta 1730eko martxoaren 4an bihurtu zuen apaiz Iruñean Melchor Ángel Gutiérrez Vallejo gotzainak. Ordurako hainbat kapilautzaren jabe izanik, Iriarteko gaztea ez zen seguru asko estutasunean biziko herriko Santa Maria elizan zerbitzatzen hasi zen arte.
Ez dakigu Etxalartik kanpo beste inon ibili ote zen, baina litekeena da bere egitekoa bertatik atera gabe bete izana. Jaioterriko parrokian aritu zen 1740ko hamarkadan zehar bederen, beste zenbait apaiz lagun zituela; izan ere, XVIII. mendean zehar Etxalarko eliztarren beharrak asetzeko pertsona bakarra aski izan ez nonbait eta apez-taldetxoa elkartu izan zen eskuarki. Sanzberroren arrastoa 1744an ageri da estreinakoz Bataiatutakoen Bigarren Liburuan.
1749an amaitzen den liburu hartan bertan utzi zuen etxalartarrak euskararen lekukotasuna; hiru orrialde hartzen dituzten doktrina inguruko testuak, hain zuzen.
Iturria: Urtzi Reguero
Jaungoycoaren legueco Mandamentusantuac dirade amar, lenvicico irurac Jaungoycuaren onrari dagosquionac, eta verce zazpiac lagun projimuaren provechuari. Lentabicicua Jaungocobat maytadazagulla Gauzaguciac baño gueyago. Bigarrena estaquigula iuramenturic banoqui…
Testu horiek osatu eta handik lasterrera hil zen. 1751eko urtarril amaierakoa da Etxalarko parrokia-liburuetan utzi zuen azken sinadura: otsailetik Martin Dendariarenak hartu zuen elizako liburuen ardura. Gaixorik, apirilean hil zen euskara zaharraren muga-mugako lekuko hau, Erretonia (Erretorenea) etxean, hilburukoa aginduta eta bere gizarte-maila eta egitekoari zegozkion hileta-elizkizunak egin zizkiotelarik.
Sanzberroren etxea ikusi nahian Iruñetik edo Donostiatik hurbiltzen denak Etxalar zeharkatu eta kuartela alboan utzita Sara alderako bidea hartu behar du. Herritik atera gabe, Tximista errekaren gaineko zubitxoa igaro bezain laster topatuko du eskuinetara Antsolokueta auzoan sartzen den errepidea. Huraxe hartu eta berehala dago Iriartea; ezker aldeko bigarren etxea da. Aurrealdean du adierazia bere izena.
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Informazio gehiago:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: