Joan Antonio Ubillos idazlearen sortetxea

No profile photo Euskargazki | 2023-11-30 15:05

ekaitz.santazilia@unavarra.es 1702125273185

EuskargazkiCC BY 4.0, via Wikimedia Commons

Joan Antonio Ubillos Galatas (Amasa-Villabona, 1707 - Arantzazu, 1789) Galatas edo Kalatras izeneko baserri honetan sortu zen. Hamabost urte zituela, 1722an, Arantzazuko komentuan sartu zen frantziskotar, 1755ean Teologian graduatu zen Alcala de Henareseko unibertsitatean eta filosofia eta teologia irakasle gisa aritu zen Tolosan lehenik eta Arantzazun gerora.

Dakigula, lau lan idatzi zituen; hauetarik hiru latinez: Philosophia Rationalis (Donostia, 1755), Philosophia Transnaturalis (1758) eta Philosophia Naturalis (Gasteiz, 17??). Dena dela, euskaraz ere idatzi zuen billabonatarrak; hain zuzen ere, euskarari egindako ekarpena Fleuryren Catéchisme historique liburuaren itzulpena da, Cristau doctriñ berri-ecarlea christauari dagozcan eguia sinis-beharren-berria dacarrena. Jaun Claudio Fleuri abadeac arguitara atera zuanetic (Tolosa, 1785) izenburua eman zion eta horri esker, literatur-gipuzkeraren aitzindarietarik dugu Ubillos; Larramendiren jarraitzaileetarik hain zuzen.

Etxea aurkitzeko hainbat jakingarri behar dira. Andoainera bidean Villabona zeharkatzen ari garela, eliza ikusiko dugu eskuinetara. Elizaren eskuin aldetik doan bidea hartuko dugu eta autobidearen azpitik igaro bezain laster, ezker aldera joko dugu aldapa gora, Otsabi auzotik Otelarre auzora joateko. Fleming ikastetxera ailegatu eta hura eskuinean utzita, aurrera segi eta lehendabiziko bidegurutzean eskuin hartuko dugu. Segituan ikusiko dugu etxaldea, Otelarre auzoko 33. zenbakia duena.

EuskargazkiCC BY 4.0, via Wikimedia Commons

Baserriaren horma nagusian bere jaiotza gogorarazten duen oroitarria dago Euskaltzaindiak bigarren mendeurrenaren karietara jarria. Hala dio:

JUAN ANTONIO UBILLOS / GALATASKO SEME / ETA IDAZLEARI /II MENDEURRENEAN / BILLABONAKO UDALAK ETA / EUSKALTZAINDIAK / 1989-V-27″.

EuskargazkiCC BY 4.0, via Wikimedia Commons

Nire esker ona Urtzi Reguerori testu hau prestatzeko emandako laguntzagatik eta Aziti Bihia taldeari, berriz ere bidaide izan ditudalako.

Gehiago jakiteko:


Utzi iruzkina: