Iturmendiko gurutze-bidea
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Iturmendin Nafarroan zaharrenetarik den gurutze-bidea dago. Lehenago Iturmendiko herritik abiatu eta Aizagako Ama Birjinaren (Aizara, Aitzaga edo Aritzaga izenez ere ezaguna) ermitarainoko gurutze-bidea zen, baina gaur egun oso ondatua dago eta gurutze batzuk galdu dira. Gorde diren gurutze zenbait berreginak daude, eta jatorizko itxura gorde dutenekin batera, Pilarako Ama Birjinaren ermitaren inguruan eta Aizagakoaren inguruan jarri dituzte berriki, jatorrizko gurutze-bidearen zentzua galduz.
Zaharrenetarik dela diogu, XVIII.mendean hasi zirelako gurutze-bideak modan jartzen Jesu Kristoren gurutzerainoko bidea gogora ekarri nahian, eta Iturmendiko gurutze batek 1712ko data baitu. Baina blog honen egitea kontuan izanik, ez da hori gurutze-bide honek duen gauzarik interesgarriena. Jatorrizko itxura gorde duten XVIII. mendeko gurutzeen artean lauk euskaraz egindako inskripzioak.
Inskripzioak gorde dituzten gurutzeek alde batean Kristoren Nekaldiaren estazio bat dago idatzirik eta bestean gurutze hori pagatu zuenaren izena. Tamalez, inskripzioak oso hondatuak daude denboraren poderioz, eta begi hutsez irakurtzea ia ezinezkoa da (niretzat bederen). Are gehiago, beste gurutze batzuetan ere somatzen da inskripzioak bazeudela, baina horietan hizkuntza zein den ere ezin da igarri.
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Berriki Nicolas Arbizuk eta Mikel Markotegik argi berezi bat erabilita ikertu dituzte inskripzioak, eta nik baino dexente gehiago ikusi ahal izan dute. Hona beraien proposamena, Guaixen irakurria:
- GURUTZEA
A aldea: C…… gundu (ce?)n(e?)an
B aldea: Antonyo de goyechea…
2. GURUTZEA
A aldea: Gurucearequin bigarrenean erori…
B aldea: Nicolas de Zufiaurrec eguin arazia
- GURUTZEA
A aldea: Jerusalengo alabac consoladu zioten
B aldea: Pedzo juaquin de mendia año 1712
- GURUTZEA
A aldea: Jesuchristo gure juan(a?) (da?)go guruce(an?) ylzez josiri(c)
B aldea: ++m+guel de [g]oicoe[c]hea Y echeuerr[i]++g+
Esan bezala, traskribapen hauetan nik begi hutsez ikusi ahal izan nuena baino askoz gehiago ageri da, eta ez dut Arbizuren eta Markotegiren irakurketaren alde edo kontra egiterik. Lan txukuna eta interesgarria egin dute, baina badira aipatzeko gauza zenbait:
Lehen gurutzea V. estazioari dagokiola kontuan izanik, C[ireneo(a)c la]gundu bezalako zerbait espero genezake. Aditza irakurgaitza da, eta zuenean edo zionean bezalako zerbait espero badaiteke ere, ezin horrelakorik proposatu.
Bigarren gurutzearen irakurketa zuzena da segur aski, baina, argi eta garbi ikusten da guruzearequin, <z>-z idatzia dela.
Aurreko bi gurutzeak Pilarako ermitan daude, eta honakoak Aizagan:
Hirugarren gurutzean, zioten da gatazkatsua. Ez nago ziur <z> baino, ez ote den <c> ageri. Bestalde, aditzaren amaiera irakurgaitza da, baina hau VIII. estazioa izanda, espero genukeen aditza hurbilago legoke zituen-etik, Jesus izan baitzen kontsolatzailea, eta ez kontsolatua.
Laugarrenean, esango nuke argi xamar ikusten dela juan baino, jaun jartzen duela, akaso laburdura baten bidez.
Gurutzeak ikusteko, Iturmenditik abiatuta Barrenkaletik behera egingo dugu eta autobidea tunel baten azpitik pasako dugu. Industria-nabe batzuk ezker eta eskuin ditugula, bidetik aurrera jarraitu eta segituan iritsiko gara Pilara ermitara. Gainontzeko gurutzea ikusteko, bide beretik aurrera egin eta Arakil ibaia zubitik zeharkatu bezain laster ikusiko dugu Aizaga, muino batean.
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: