Etsaingo azken euskaldunaren hilobia

No profile photo Euskargazki | 2023-10-18 14:55

ekaitz.santazilia@unavarra.es 1702063219656

Ekaitz SantaziliaCC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons

Etsain herria Anue ibarraren hegoaldean dago, Iruñetik 20 bat kilometrotara, Baztango bidean eskuin hartuta. Ibarra XIX. mendearen hondarrean hasi zen erdalduntzen, eta gaur egun, bertako mintzoa egiteko gai diren hiztunak kontatzeko, aski da esku bakarreko hatzak baliatzea, Lingua Navarrorum blogean ikus daitekeenez. Etsainen, dirudienez, Landa etxeko Urbano Erro Yaben izan zen azken hiztuna, 1953an zendua. Horren kontzientzia bide zuten hilarria paratu ziotenek, datu hori hilarrian berean jaso baitzuten.

EMEN DATZA ERRO YABEN DAR URBANO LANDA ETXEKO SEMEA

GOYAN BEGO

ERRIONTAKO AZKENEN EUSKALDUNA

1953 URTE

Hobia hilerrian dago, San Juan batailatzaileari eskainitako elizaren gibeleko aldeari atxikirik. Eliza herritik aparte dago, gain batean. Txiki-txikia da hilerria, beraz, aise aurkitzen ahal da harria, sartu eta eskuinetara.

Paula Kasaresen liburuari esker (352. orr.) izan dut honen berri, eta berak dakarren argazkia nik egin ahal izan dudana baino zinez hobea da. Edo ordutik harria higatu da edo, sinestekoago dena, argazkilari txarra naiz.

Leire Narbaizak gogora ekarri dit Xamarrek Orekan liburuan eta Euskara Jendea dokumental sortan ematen duela honen berri. 


Utzi iruzkina: