Esteban Adoaingoaren sortetxea
Esteban Adoaingoaren sortetxea
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Adoaingo etxe honetan sortu zen Pedro Francisco Marcuello Zabalza “Esteban Adoaingoa” kaputxinoa (Adoain, 1808/10/11 - Sanlúcar de Barrameda, 1880/10/7).
Iruñeko Kaputxinoen komentuan hasi zuen bere formakuntza eta ordutik aurrera etxetik kanpo egon izan zen beti, ikasten lehenik, eta predikatzen gero. Italia, Venezuela, Guatemala, Kuba eta Frantzia ezagutu zituen besteak beste. Garai politiko gatazkatsuek franko mugitzera behartu zuten.
Fama handia lortu zuen mundu mailan eta gaur egun Beatifikatze prozesuan dago. Edonola ere, gurera ekarri badugu, euskararekin izandako harremanaren ondorioz da. Ama hizkuntza euskara zuen eta gehien bat bere predikuetan gaztelania erabili bazuen ere, zorionez euskarara itzulitako zenbait ere gorde dira Erroman, segur aski Ipar Euskal Herrian emandako garaietan idatziak. Sermoietan erabilitako euskara landua da eta horren erakusgarri da erabili eta eskuz osatu zuen Larramendiren hiztegiaren presentzia.
Herriko iturria
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Adoain aski herri urruna da, Nafarroako mendietan sartua, eta han hiltzen da NA-2103 errepidea. Oso herri txikia da eta erraz aurkitzen ahal da etxea. Herrian sartuta eskuinetara eliza dugu eta Aita Estebanen ohoretan plantatutako iturria. Ezkerretarako bidea hartu eta berehala antzemanen dugu Eneko etxea, Estebanen sorlekua.
Etxeak bi oroigarri ditu. Lehenak hala dio: “En esta casa nació el gran Siervo de Dios y egregio apóstol Padre esteban de Adoáin capuchino el día 11 de octubre de 1808”. Beranduago Euskaltzaindiak ere berea jarri zion heriotzaren mendeurrenean: “Esteban Adoain euskal predikariari Euskaltzaindiak. La Real Academia de la Lengua Vasca por su labor euskérica. 1880-1980″.
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Iruzkinak
Utzi iruzkina: