Euskararen semaforoa gorri beste 4 urtez?

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2007-06-19 15:30

Urteetako lan eta borrokaz eraikitako egoerari atarramentua ateratzeko garaia iritsi da, eta kapitalismo globalizatzaileak gure hizkuntza, kultura... irentsi aurretik behar dugu egin hori

Horixe ondoriozta dezakegu Kontseiluak hauteskunde aurretik egindako udal programen azterketa eta hauteskundeen emaitzak alderatuz gero. Udal programa egokiak kolore berdez identifikatu ziren, baina batzuek ez dute indar gehiegirik batu hauteskundeetan eta beste batzuen ilegalizazioaren ondorioz (eta zenbait alderdiren jarrerak medio) eragiteko ahalmenean gutxiagotuta aurkituko dira. Ondorioz, gorriz zein laranjaz identifikatutako programa eta politikak irten dira indartsuak hauteskunde hauetatik. Orain arte bakoitzak egunerokoan defendatzen edo gauzatzen duen politiken jarraipena besterik ez dugu ikusi. Alderdi espainolek euskarari ateak ixten dizkiete udaletan, noski. Alderdi abertzale gehienek, aldiz, hizkuntza politikaren eremuan arduragabekeria handia erakusten jarraitzen dute, elebitasunaren eta hizkuntzen arteko elkar bizitzaren gezurraren aitzakiapean. Argi ikusten da euskararen berreskurapena modu serio eta antolatuan bultzatzeari ematen dioten lehentasun eza. Tristea da gehienetan ezker abertzalea soilik kokatzea hizkuntza politika egokiarekin. Programek argi erakusten dute nork kolpatzen duen euskara, nork ez duen egungo mendekotasuna gainditzeko asmo garbirik eta nork erakusten duen konpromiso sendoagoa.

Oro har, euskararen sustapenerako ez-nahikoak diren programak izango ditugu, beraz, datozen lau urteetan udaletan. Eta horren aurrean zer? Begira gelditu? Ez, noski. Ezin dugu onartu euskara beste lau urtez udaletatik kanpo egotea edo, gehienez ere, minimoen azpiko politikak egitea. Hautetsiei eta alderdi politikoei ikustarazi behar diegu udaletxean euskararen normalizazioaren alde asko dagoela egiteko eta beren erantzukizuna dela egokiak diren neurri eta erabakiak hartzea. Presio soziala eragin behar dugu euskarak behar dituen benetako neurriak har daitezen.

Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatu behar da udalez udal. Izendapen hau ez da ezeren berme, ados, baina ondoren egingo den politika definitzeko garrantzitsua da euskarak behar duen gutxieneko estatus hori onartu eta konpromiso hori adieraztea.

Estatus horri lotuta, hizkuntza politika eraginkorrak jarri behar dira abian udaletan. Ekintza zehatzetan, antolakuntza, pertsona zein ekonomi baliabideetan oinarritutakoa. Hizkuntza politikaren helburu nagusiena euskararen normalkuntza bururaino eramatea izango da, eta horretarako ezinbestekoa izango da euskaldunon hizkuntza eskubideak maila guztietan bermatu ahal izatea.

Politika hauek garatzeko, berriz, arau babesa behar da udalerriz udalerri, udal ordenantza hain zuzen ere. Hamaika eztabaida badira honen inguruan, beharrezkotasunari lotutakoak, espainiar zein frantziar mende- kotasunari lotutakoak... guretzat eztabaida guzti horietan bada nahiko arrazoi ordenantzei bai esateko. Udalerriz udalerri hizkuntza arauak erabaki eta gauzatzeko plangintzak ezinbestekoak dira.

Neurri horiek hartuz gero hizkuntza eskubideen bermerako norabide egokian jarriko ginateke lanean. Baina ezin gara zona guztietan eskubideen bermea helburu dugula gelditu. Zona euskaldunetan euskaraz bizitzea ahalbideratu beharra daukagu, hizkuntza eskubideak bermatzetik pauso bat aurrerago hain zuzen. Tresna egokia daukagu horretarako, UEMA hain zuzen.

Zona euskaldunen aldeko borroka berraktibatzeak garrantzi berezia izango du aurrerantzean. Horregatik, UEMAko kide izateko erabakia hartzeko eskatzen diegu Euskal Herrian Euskaraz-etik bertan sartzeko baldintzak betetzen dituzten udaletan sortuko diren udalbatza berriei. Alderdi guztiek apustuarekiko konpromisoa adierazi eta lehenbailehen urrats hori eman behar dute, horretarako aukerak handiak direlako. Urrats hori ez ematea onartezina dela deritzogu.

Neurri hauek guztiak hartzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera urratsak emateko, baina udalean zein bestelako funtzio publiko zein pribatuetan euskarak behar duen ibilbidea garatzeko, ezinbestekoa da euskarak Euskal Herrian daukan estatusa iraultzea. Herritar guztiek euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea bermatua ez duten bitartean nekez eman ahalko ditu pauso kualitatiboak euskararen normalizazio prozesuak.

Gaur egun ordea euskal herritarrok ez daukagu horrelako estatus aldaketa aurrera eramateko eskumenik. Euskararen galbidearekin bukatzeko, autodeterminazio linguistikoa eskuratu beharra daukagu ezinbestean. Antzaren gisa hegan egin nahi izan arren, hegoak lotuta baitauzkagu aspaldian.

Hegoak lotzen dizkigun soka usteltzen hasia dago, ordea, eta guztiok batera ekiten badiogu lortuko dugu soka hori behin betiko apurtzea. Horretarako ordea autodeterminazioaren alde gaudenok, elkarlanerako konpromiso zintzo eta sendoa hartu beharra daukagu. Gure artean mokoka gabiltzan bitartean gustura da zaindaria, baina usteldurik aurkitzen den lokarria berri batengatik aldatzeko aukerarik ezin diogu eman.

Urteetako lan eta borrokaz eraikitako egoerari atarramentua ateratzeko garaia iritsi delakoan nago, eta kapitalismo globalizatzaileak gure hizkuntza, kultura... irentsi aurretik behar dugu gainera egin hori. Irenste horren epemuga guk pentsatzen duguna baino gertuago egon baitaiteke.

Hala ere, ilusioa behar dugu horretarako. Ilusioa udalez udal euskarak behar dituen neurriak hartzea exijitzeko, ilusioa euskal herri euskalduna lortzeko dugun eskubidearen jabe egiteko.

Antzara semaforoa berde jartzeko zain dago hegaldia hasteko. Apurtu ditzagun beraz gure herria lotzen duten soka usteldu horiek guztiak. Bada garaia!


Utzi iruzkina: