Euskarak ere autodeterminazioa!!

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2007-01-04 17:54

Gatazka gainditzeari begirako prozesua bi gako nagusitan oinarritzen dela hainbatetan aditu dugu azkenaldian. Batetik erabakitzeko eskubidea legoke, hau da autodeterminazio eskubidea, eta bestetik lurraldetasuna. Baina zer irudikatzen dugu benetan bi termino horiek aipatzen ditugunean?  Zertarako aldarrikatzen dugu autodeterminazio eskubidea Euskal Herriko lurralde osorako?

Gure ustez argi da, eskubideetan oinarritutako Euskal Herria eraiki ahal izateko; hau da, dagozkigun eskubideak aitortuak izan daitezen eta ondoren horiek egikaritzeko ahalmena izan dezagun. Hori horrela, Euskal Herri euskalduna helburu dugunontzat ere garrantzi berezikoa da bizi dugun egoera politikoa.

Espainiar eta Frantziaren helburua Euskal Herria asimilatzea izan da historian zehar, eta berauek egindako legepean bizitzeak hamaika zangotraba eragin dizkio gure herriari. Euskararekin gertatzen ari denak ere lotura zuzen-zuzena duelarik asimilazio prozesu horrekin. Toki eta momentu batzuetan besteetan baino gordinago bizi izan dugu euskal herritarrok zapalkuntza hau, baina oraindik-orain Euskal Herrian aurki ditzakegun hizkuntza lege ezberdinak eta horietan oinarrituz aplikatzen diren hizkuntza politikek ez dira inondik-inora euskarak behar dituenak.

Begirada azkar batean nabari dezakegun kontua da, nahiz eta zenbaitzuk hau onartu nahi izan ez oraindik. Euskal Herri osoan 3 ikasletatik 2-k ez dute euskara jakintza minimo bat lortzen oraindik-orain, 25 urte euskara “ofiziala” den eremuan ikus dezakegu nola lan-publikorako oposizio batzuetan euskararen eskaera erabat testimoniala izan berri den, Euskararen Erakunde Publikoko eledunak entzun behar ditugu esaten ofizialtasun gabe ere euskarak aurrera egiteko bideak badituela, eta garai honetan 20 urte egiten dituen Vascuencearen Legearen ondorioak aztertuz puntu ezkorrak besterik ez zaizkigu ageri.

Azken finean hizkuntza politika ezberdinak baditugu ere, guztiak euskararen mendekotasun izaera eta erdararen nagusigoan daude oinarrituta. Mendekotasun hori  gainditzeko pausoak egon izan direnetan gainera, beti aurkitu izan ditugu lege ukatzaileak parez-pare. Adibide garbi bat azken egunotan jaso dugularik: zergatik ukatu berri diote Ondarruko Udalari euskaraz bakarrik lan egiteko eskubidea Espainiako epaitegi konstituzionaletik?

Asimilazio eta mendekotasun politika honek ondorio garbiak izan ditu euskararen osasunean, eta baldin euskarak aurrera irmo egin nahi badu, ezinbestekotzat ikusten dugu gaur egungo mendekotasun horretatik geure buruaren jabe izatera igarotzea. Jakina da egoera burujabe batek, berez, ez lukeela ziurtatuko  euskararen normalizazioa eta Euskal Herriaren euskalduntzea, baina bide horretan egin diezaiokeen ekarpena berebizikotzat jotzen dugu.

Aste honetan bertan Amurizaren esanak jasoz, Txillardegik idatziriko gutunean zioena gertatzea onartezina litzatekeelako. Euskararik gabe Euskal Herririk ez litzatekeelako. Izena duen orok izana daukala esaten dugu euskaraz, baina ze izan edukiko luke euskararik gabeko Euskal Herri batek?

Hor eragitea berriz guztioi dagokigu, Euskal Herri euskalduna eraiki nahi dugun eragile zein norbanakook ere indar egin behar dugu beraz gatazka gainditzeko prozesua indartzeko, eta nola ez prozesu honetan euskarak behar duen lekua izan dezan. Honek ez du esan nahi eguneroko jardunari utzi behar diogunik, eta eskatzen eta exijitzen duguna lortu arte ez dugunik bestelako aurrerabideetan indarrik egingo. Baina izan dezagun argi non kokatzen dugun eguneroko lan honen helmuga, eta autodeterminazio linguistikoaren beharraz jantzi dezagun gure eguneroko jarduna.

Egoera honen aurrean ozen oihukatu dezagun bada gure eskubideen jabe izan nahi eta behar dugula eta eskubide horiek aitortuak izan daitezen lan eta borrokan jarraituko dugula. Jarraituko dugula egoerak egoera eta uneak une, aurrera begira ere gorabehera ugari izango dugulako bide horretan, azken finean urte eta mendeetako zapalkuntza dinamika ez dutelako Espainiar zein Frantziar estatuek alde batera utziko derrepentean.

Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, OFIZIALTASUNA!!


Utzi iruzkina: